loreak Buesam3 gazteIritsi da beste urte batez Martxoak 11, eta beste urte batez 2004ko martxoak 11an Madrilen atentatu yihadistak gertatu ziren goiz latz horretan egin genuenaz gogoratuko gara. Gure burura etorriko dira hainbat oroitzapen, gure bihotzetara hainbat emozio. Hain ikaragarria, bortitza eta ezezaguna izan zen atentatu hura ezein, bi astera, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izendatu zuen Europar Batasunak Martxoak 11a. Geroztik urtero gogoratua izan da, eta urtero izan du kutsu politiko eta polemikoa Euskal Herrian.
Data hau, Espainian, ETAren biktimen elkarteen eta Madrileko atentatuen biktimen arteko liskarrek markatu du. Euskal Autonomi Elkartean, orain 4 urte Jaurlaritzak egun honetarako antolatu izan diren oroitegunetan parte hartu izan du, eta iaztik berak antolatu du ekitaldia, ETAk eragindako biktimak omentzeko.
Aurten Donostian egingo da Eusko Jaurlaritzaren ekitaldia, eta besteetan bezala, leloan eta deialdian argi geratzen da, euskal gatazkaren ondorioz sortu diren biktimen alde bat bakarrik omenduko dela. Gonbidapenean hala ezartzen du: “Terrorismoaren biktimenganako euskal gizartearen mezu gisa eratuko da leloa: Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz”. Ez da justua hau horrela izatea, uste dugulako biktima guztiak omendu behar direla, eta elkarbizitza sustatzeko ezinbesteko dela biktima guztien memoria landuko duen omenaldiak antolatzea, batzuen eta besteen arteko arrakala handiagotzea baino.
Hainbatetan gertarazten dugu Euskal Herrian, biktima nor den edo hobe esanda, nork erahil duen begiratzen dela omenaldi batera joan baino lehen, eta hil duenaren arabera hau egitea, zilegi omen da. 1984ko azaroaren 20an GALek Santi Brouard hil zuen, geroztik, urtero omenaldi bat egiten zaio, Josu Muguruzarekin batera, 1989ko egun berdinean, Alcala Hoteleko atentatuan hildako HBko diputatuari. Aurten ere, lore eskaintza horretan, adibidez, ez zegoen Alderdi Popularra ordezkatzeko inor, baina inork ez zuen PPren izate demokratikoa zalantzan jarri. Ekitaldi horretara ez gerturatzeak ez zuen inolaz adierazi nahi GALi gorazarre egiten zitzaionik. Egoera kafkiano honetan, oraindik ere eta tamalez, begiratu egiten delako nor izan den hiltzailea, jakiteko omenaldia egitea politikoki egokia den, eta zer nolako ordezkaritza merezi duen omenaldi horrek.
Euskal gatazkan lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daude, eta benetako elkarbizitza bat lortzea baldin bada gure helburua, ezin dugu hori horrela izan dadin utzi. Herri honetan bizitu den indarkeriaren ondorioz sufritu duten guztiek merezi dute gure omenaldia, urteetan zehar “ahaztuak” izan diren horiek barne. Gaur egun, ETAren biktimak entzuten ditugunean esaten, 80ko hamarkadan lotsatu egiten zirela, eta herrietan mespretxatu egiten zituztela, lotsa eta auzolotsa sentitzen dut. Ez dezagun berriz hanka sartze berdina egin, ez ditzagun orain beste batzuk mespretxatu eta ahaztu, hainbat hil, eta hainbat sufrimendu uzten ari baitgara omenaldietatik kanpo, eta haiek ere merezi dute egun bat, besarkada goxo bat, eta batez ere, aitortza.
Aurten ere, “Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz” lelopean, Eusko Jaurlaritzak prestatu duen omenaldian egongo gara, bidegabe izan dela sinistuak gaudelako, Eusko Alkartasunak horrela egin duelako bere sorreratik bertatik. Espero dugu, 2020an, biktima guztiak batuko dituen omenaldi bat egotea, eta horretara denak bertaratzea, denek merezi baitute denen omenaldia, denentzako izan behar baitira, Euskal Herrian hainbatetan ezartzen ditugun loreak. Hurrengoetan, izan Brouard, izan Lidón, izan Martxoak 3ko langile erailak edo eta atentatu yihadistetan hildakoak, lore eskaintza jasotzen duenak, denak egon gaitezen espero dut, denon artean sor dezagun guztiak gogoan izango dituen lorategia.

Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Eusko Alkartasunako Giza Eskubideen Idazkaria