Irabazleek idazten omen dute historia. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Memoriaren Eguna ospatu dugun aste honetan PPk garaile eta garaituen eskemaren beharra azpimarratu du berriro ere, Euskal Herriaren azken hamarkadetako historiari buruzko kontakizun bakarra inposatu ahal izateko. Biktima ugari, min handia eta memoriaren zati handi bat kanpo utziko lukeen kontakizun bakarra, hain zuzen ere.
Pariseko atentatuekin koinziditu du Memoriaren Egunak, baita europarrok gurean bizi dugun biolentzia testuinguru latzarekin. Testuinguru hori erreala zen Pariseko zorigaitzeko gauaren aurretik eta hala da ondoren ere. Euskal Herrira etorrita, esan behar dugu bizi dugun bake prozesuaren argazki nahiko erreala utzi dutela Memoriaren Eguneko ospakizun ekitaldiek.
Alde batetik, euskal gizarteak eman dituen urratsak berretsi dira, duela gutxi arte pentsaezinak ziren batasunezko argazkiak lortuz. Bestetik, PPren mugiezintasuna ikusi dugu berriro: bere bidea jorratzen dabilen bakarren bat kenduta, herri honek behin betiko bake erreala lortzeko duen nahiaren aurrean ezikusiarena egiten du.
EH Bildu legebiltzar talde osoak parte hartu du Eusko Legebiltzarrak biktimei egindako omenaldian eta hori gertaera gogoangarria izan da nahi baino luze eta zailagoa den bidean. Berriro ere, PPk hautsi du batasuna, euskal gizarteak nahi duen norabidean aurrera egiteko prest ez dagoela erakutsiz. Oinazea eta mina izan dugu urte gehiegitan, eta eragile guztiok saiatu behar dugu hori konpontzen, biktima bakar bat ere bere burua baztertua ikusi gabe.
Eusko Alkartasunak biolentzien aurrean izan duen jarrera irmoa izan da beti, eta horrela esan dugu ozen eta argi. Era berean biktimen alboan jarri gara beti ere, jatorri batekoak edo bestekoak izan. Horrek ez du esan nahi ezin denik egon hurbil sentitu ez gaituzten biktimarik egon ezin denik. Horrela bada, egoera hori konpontzeko beharrezkoak diren urratsak emateko prest gaude.
PPri buruzko galdera utzi du airean Legebiltzarrean egindako omenaldiak: Arantza Quirogak Madrilek izandako jarrerarengatik dimititu ez balu, omenaldira joango ziren popularrak? Euskal gizartean eta Madrildik ezerezean utzi zuten Quirogaren proposamenak islatzen duen bezala PPren oinarri sozialean ere nabaria den eboluzioa ikusiko genuen?
Astearteko omenaldi batzuetan besteetan baino parte hartze anitzagoa egon zela egia da, baina aurreko urteetan baino parte hartze aniztun gehiago egon ziren. Garapenaren seinale da hori, eta garatzen jarraitzeko oinarria dagoela adierazten du. Izan ere, biktimei aitortza ez egitea pairatutako samina ukatzea da.
Herri honek pairatutako biolentziak eraildakoak gogoratu genituen asteartean, baina askoz ere biktima gehiago dago: zerga iraultzailearen xantaia pairatzen zutela eta buzoia zabaltzeko beldurra zuten pertsonak; urteetan zehar egunero poliziaren jazarpenaren beldurrarekin bizi zirenak; torturatuak izan ostean justiziarik izan ez dutenak eta sinistu nahi izan ez direnak; ETAren presioagatik sorterria utzi behar izan dituztenak; zinegotzi “lapurrak”; Egin eta Egunkaria auziengatik edo jarduera politikarengatik kartzelan egon direnak; senideen gorpuak areka eta amildegietan bilatzen jarraitzen dutenak,…
Guztiok islatuak ikusiko garen memoriak bizipen guzti horiek hartu behar ditu –eta beste batzuk gehiago ere-, azken hamarkadetako errealitatea osatzen dutelako. Herri honetan oraindik badaude Nafarroako Erresuma borondatezko kontua izan zela konbentzitu nahi gaituztenak, Amaiurreko gaztelua ongietorri bestan birrindu izan bazuten bezala. Horregatik ezin dugu berriro horrelako hanka-sartzerik egin. Gure historia ezagutu behar dugu, alde eta ñabardura guztiak, biolentzia ezberdinak, konplizitate ezberdinak, bakoitzak bere historiaren araberako autokritika bereiztua egiteko beharra.
Ezinezkoa da herri honen etorkizuneko elkarbizitzako oinarriak jartzea pairatu den oinazearen zati bat ahaztuta. Eta horrek ez du biolentziaren bidea jorratu dutenen alde egitea; kontrakoa baizik, giza eskubideak ehuneko ehunean betetzea izan behar da etorkizunerako oinarria, eta aldi berean, aitortzea ezin dela ideia edo proiektu politikorik defendatu biolentziaren bidez.
Horixe defendatu izan du beti Eusko Alkartasunak. Izan ere, guk ekarri genuen Euskal Herrira “giza eskubide guztiak pertsona guztiontzat” leloa. Pankarta guztietan egon gara eta pankarta guztietan egon garen bakarrak izan garela esan behar da: ETAren hilketak gaitzesten zituztenak, preso eta ingurukoen eskubideen aldarria egiten zituztenak,… Denetan. Eta egia da ere ez duela meritu handirik, gure militantziaren nortasunarekin bat egiten duelako. Gure oinarri sozialean gure herrian azken hamarkadetan ohikoak izan diren biolentzia eta eskubideen urraketa ezberdinak pairatu dituzten lagunak daude.
Horregatik, jatorri ezberdinetako biktimek martxan jarri duten dinamika oso interesgarritzat jotzen dugu. Beraien ustez sortu eta pairatu den oinaze guztia aitortu gabe ez da etorkizuneko elkarbizitza lortuko. Egin diren bidegabekeria guztiak salatzeko batzearen aldeko apustua egin dute biktimek, bide egokia dela pentsatuta, indarkeria ezberdinak parekatzen dituztela esan nahi gabe eta inolako oinazerik baztertu gabe.
Eta bide horren aldeko apustua egiten du Eusko Alkartasunak ere euskal jendartearen etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko.