Memoria historiaren komisioa sortzearen alde azaldu du Begoña Lasagabasterrek Eusko Alkartasunak Espainiako Memoria Historikoaren Legeari babesa emango badio, hiru gutxieneko baldintza jaso beharko ditu azken testuak, Begoña Lasagabaster EAko diputatuak atzo adierazi zuenez. Izan ere, Espainiako Gobernuaren lege proiektuaren lehen proposamenetik herenegun hitzartutako testura «hoberako aldaketak» ikusi baditu ere, lege proiektuaren testua ez datorrela EAren «filosofiarekin» bat iritzi dio diputatuak.

Hala, azken testuak hiru «gutxieneko» jasotzea ezinbestekotzat jo zuen Lasagabasterrek bere taldearen babesa izateko. Batetik, «erreparazioa ez ezik, egia eta justizia egotea» ezinbestekotzat jo zituen, eta baita Espainiako Gobernuak «beharrezko diren baliabide tekniko-juridiko guztiak jartzea ere, biktimek epaien baliogabetzea lortu ahal izateko». Izan ere,
EAren irudiko, epai bidegabeez ez, baliogabeez hitz egin beharko luke legeak; bestela, biktimek eurek aurkeztu behar baitute epaien baliogabetzea lortzeko helegitea. «Lan hori botere publikoei dagokie, ez biktimei». Hala izango bada, helegiteak Fiskal Nagusiak aurkezteko eskatuko du EAk.

Bestetik, Salamancako artxibategian dauden euskal erakundeei «atzemandako eta bidegabe ebatsitako agiriak euren jabe zilegiei itzultzea» jarri du EAk baldintza gisa. Eta hirugarren «gutxienekotzat» «trantsizio garaiko polizia gehiegikerien biktimak terrorismoaren biktimekin parekatzea» jo zuen. Horien kasuan, ordain ekonomikoa jasotzeak ezin dituela erantzukizun juridikoak ordezkatu zehaztu zuen diputatuak.

Jatorria: Begoña Lasagabaster