Arabako PFGZ araua aldatzeko beharra aldarrikatu du Nerea Martínez Cerrillok, “progresivoa, bidezkoa eta zuzenagoa den zerga sistema batera joateko”, horrek posible egingo baitu herrialdean Ongizate Estatuak funtzionatzea. Era berean, zerga zama “errentarik altuenetan jartzeko, kapitalaren errentetan, eta klase ertain eta herrikoiek duten zama arintzeko” neurriak eskatu ditu Martínez Cerrillok. Eta horrek, ohartu du, “BEZa moduko zergei ere begiratzera behartzen gaitu”.

EH Bilduren bozeramailea izan da Martínez Cerrillo Arabako Batzar Nagusietan PFGZri buruz PPk aurkeztu duen ekimena eztabaidatzean. “Gehien behar dutenen onerako akordioak bilatzeko borondatea” du EH Bilduk, batzarkideak adierazi duenez. Egun indarrean dagoen EAJ, PSE eta PPren arteko eredua aldatu behar da, horrek honako bi zutabeen gainean eraikita dagelako: Enpresa handiak laguntzea eta zerga zamarik handiena lanaren errentetan jartzea, PFGZren bidez.

Eredu horrek “zerga sisteman desoreka larria” dagoela erakusten du, “langileei zama handia” ezartzen dielako, esan du Martínez Cerrillok, eta “egoera hori zuzentzeko neurriak hartu beharra” azpimarratu du.

BEZari dagokionez berriz, tipoak jaitsi eta produktuak, ekitaldiak eta zerbitzuak biltzen dituzten taldeak aldatu behar direla esan du, “pertsona guztiei eragiten baitigu zerga horrek, dugun gaitasun ekonomikoa edo errenta kontutan hartu gabe”.

Gai ordenaren beste puntu batean, BEZean PSOEren Gobernuak egin dituen aldaketak bozkatzeko orduan EH Bildu abstenitu izana defendatu du eakideak. Jarrera horrekin, euskal erakundeek Madrilen hartutako erabakiak berrestea baino ezin dutela egin salatu dute, eta jendartearen beharrei aurre egiteko behar diren baliabideak eskuratzeko zerga independentzia aldarrikatu.