Irailaren 11ri eman beharreko erantzuna

Gurea ez den nazioekiko elkartasunak bultzaturik, abertzaleok Irailaren 11 ospatzen dugu, egun horretan gure anaia katalanek aberri eguna ospatzen baitute. Urtero egoten gara, askotan fisikoki ez bada ere, egun horretan Katalunian. Aurten, ordea, berezia izan zen Irailaren 11. Estatu Batuetako zeruan hegan zihoazen lau merkatal hegazkin bahitu eta herrialdeko erdigune politiko eta ekonomikoak diren Pentagonoaren eta New Yorkeko Manhattan auzoaren aurka bideratu ziren. Lehenengo hegazkinak talka egin zuenean istripua zelakoan geunden batzuk; berehala jakin genuen atentatua zela, Municheko Olinpiar Jokoetan israeldar kirolari haiek erailak izan zirenetik atentatu bortitz eta sonatuena zalantzarik gabe. Atentatua gertatu eta berehala agintari estatubatuarren ezinbesteko urratsa errudunak topatzea zen. Minduta zegoen iritzi publikoa asetzearren, palestinarrak jo zituzten hasieran erruduntzat. Ikerketak aldagai desberdinak aztertzen zituen neurrian Osama Bin Ladenen inplikazioa geroz eta nabarmenagoa egin zen. Askok esan dutenaren aurka, Palestinako israeldar eta arabiarren arteko liskarretan estatubatuarrek alde bati ematen dioten baldintzarik gabeko sostenguak ez du, nire ustez, zerikusirik izan atentatuan. Osama Bin Ladenek hedabideen aurrean emandako azalpenetan Palestina aipatu bazuen ere, atentatua eragin zuen aldagai bat izan baino gehiago, momentu hauetan hainbeste behar duen arabiarren arteko lotura eman liezaiokeen kontzeptua da palestinar arazoa. Bere ekintza begi desberdinez ikusiko dute arabiar askok baldin eta Palestinaren alde egin dela esaten bazaie. Hortaz gain, Palestinaren aldeko borrokan diharduten talde arabiarren arteko oreka delikatua arriskuan jarriko litzateke. Ezin ahaztu Arafatek duen arazo larriena bertan dauden talde armatuen arteko ahobateko posizioak lortzea eta mantentzea dela, eta, beraz, atzerriko talde armatu baten inplikazioa arriskutsua litzateke. Benetako kausa oso bestelakoa da, nire aburuz. Koranaren irakurketa eta azterketa integrista horrek eragiten duen Islam erlijioaren kontzepzio mugatzailean datza gakoa, eta batez ere mendebaldeko bizimodu kapitalistak irakurketa horrentzat suposatzen duen arriskuan. Islamaren irakurketa itsuak Jihad edo guda santuaren azterketa erratua du ondoriotzat. Honela, fedearen aurkako erasoa defendatzea helburu duen Jihad-ak, musulmanak ez diren gizaseme edo kulturen aurkako zentzugabeko eraso militarrak bihurtzen ditu helburu nagusi. EEBBetako presidenteak terrorismoaren aurkako guda martxan jarri du. Estatu Batuek, Europar Batasunak eta NATOk baliabide militar eta teknikoak terrorismoaren aurkako borrokaren zerbitzura jarri dituzte. Afganistango talibanak (atentatua baino lehenago, ez al zegoen arrazoirik erregimen politiko totalitario horren aurka neurriak hartzeko?) izango dira ustezko helburu, baina zenbait «adituk» aukera aprobetxatu nahi dute Estatu Batuentzat arazo geo-estrategikoa diren beste estatuen aurkako operazio militarrak egin ahal izateko, Filipinak eta Indonesia adibidez. Ustezko erruduna den Osama Bin Laden atxilotu eta nazioarteko zuzenbidea aplikatuz zigortu baino, tentagarriagoa zaie konkista militarra erabiliz Afganistanen gobernu satelite berri bat jarri eta munduko alderdi horretan hedakuntza militar finko bat martxan jartzea. Estatu Batuetako Gobernuaretzat amestu ezinezko egoera zen Iran, Pakistan, Txina, Tadjikistan, Uzbekistan eta Turkmenistanekin muga duen estatu batean bere soldaduak edo bere menera egongo den gobernu bat jartzea. Gerra hotzean, munduko lau inguru zituzten EEBBek kontrolatzeke: Txina, Sobiet Batasuna zenaren lurralde ohiak, Kuba eta Europa Ekialdea. Balkanetako gerrak eta Afganistangoak bi estatu utziko dituzte bakarrik zerrenda horretan: Kuba eta Txina. Gudak herri zibila kolpatu, beste Estatu batzuk desegonkortu, milaka hildako eragin, milaka errefuxiatu sortu, mendebaldeko populazioan musulmanen aurkako jarrera piztu eta etorkizuneko gatazka berrien abiapuntua izango da. Zeren truke? Estatu Batuen mendekua eta beren interesak lortzearren truke. Bestelako gogoeta bat ere egin behar dela uste dut. Terrorismo ororen helburua baita sistema politiko baten oreka arriskuan jartzea. Zalantzarik ez da zuzenbidea alde batera utziz bide militar soilei ekitea zuzenbideko Estatuen orekarentzat kolpe gogorra dela. Guda galduko du Bin Ladenek, baina helburua lortua izango du ordurako. Eta zalantzarik ez izan guda ondoren inguru horretan desegonkortasun politiko, gatazka militar eta miseri ekonomikoa geratuko dela, eta eskenatokian askok galdu eta batek bakarrik irabaziko duela. Denbora testigu.

Jatorria: Eusko Alkartasuna