Maiorga Ramirezek, EH Bilduko parlamentariak eta Eusko Alkartasunako kideak gaur ospatu den Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran Nafarroako Gobernuari galdetu dio ea zer jarrera duen “Gizarte Segurantzaren eskumena bere gain hartzearen inguruan”. Era honetan, Nafarroako Gobernuari eskatu dio “martxan jar ditzala eskumen hori bere gain hartzeko lanak” eta gogoratu du “nafarron eskubidea dela, ia 40 urtez bete ez dena”. Sanchezen eta Urkulluren gobernuen artean azaldu dituzten “eskuduntzen agendaren” testuinguruan egin da galdera hau, Eusko Alkartasunak Nafarroako konpetentziak ere eskualdatu gabe daudela gogorarazten du. Hala, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio negoziaketa horietan sartzea. Maiorga Ramirezen eskaera EH Bilduren “Nafarroak Erabaki” dokumentuaren harira doa. Bertan, nafar herritarrentzako erabakitze esparruak irabaztearen alde egiten da, Lorafnak zehazten dituenetatik hasiz.

Maiorga Ramirezen esanetan, Gizarte Segurantzaren Kudeaketa lortuta “herritarrengandik hurbilago dagoen kudeaketa egitea ahalbidetuko da, eraginkortasuna irabaziko da eta gure herritarren berme sozialen aldeko neurri propioak ezartzeko ateak irekiko dira”. “Nafarren ongizatea bermatzeko funtsezkoa” den eskumen baten aurrean gaudela ziurtatu du foru parlamentariak.

Maiorga Ramirezek Lorafnaren 54. artikulua ekarri du gogora: “Gizarte Segurantzaren arloan Nafarroari dagokio, lehenik eta behin, Estatuko oinarrizko legeria garatzea eta betearaztea, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa osatzen duten arauak eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa izan ezik “. “Bigarrenik, esaten du bere lurraldearen barruan Nafarroak aurreko paragrafoan aipatzen diren gaiei dagozkien zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal izanen dituela, eta horiekin zerikusia duten erakunde, entitate eta fundazioen tutoretza eginen duela”. “Eta, azkenik, hirugarrenik, Estatuari dagokio artikulu honetan jasotako ahalmenak eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza”.

“Lehenik eta behin, eskumen hori Transferentzien Batzarrean sartzea” proposatu du Maiorga Ramirezek, eta bigarrenik, “helburu hori betetzeko lanak aurreratzen hastea”.