Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak talde parlamentarioak aurkeztutako mozioa defendatu zuen atzo, Nafarroako Parlamentuak “trenaren egungo trazadurak lurralde kohesioari eta gizarteari begira duen eginkizuna lehenesteko” konpromisoa erakuts zezan. Hala, mozioak erakunde publikoak premiatzen zituen “esparru horretara soilik bidera ditzaten Nafarroan tren inbertsioetara bideratuta dauden baliabideak”.

Maiorga Ramirezek abiadura handiko eredu “garestia” salatu zuen. “Horren guztiaren atzean dagoen arrazoia da zenbait erakundek apustu egin dutela abiadura handiko tren-eredu garestiaren alde, urrutirako joan-etorriak lehenesten dituena eta Nafarroako eremu ezberdinen arteko kohesio eta garapen integraturako lana desagertzea dakarrena, desagertu egiten baitira bideko geltoki askok ematen zituzten eta, horietan hobetzeko inbertsio bat egin ostean, eman litzaketen zerbitzuak” salatu zuen mozioak.

Eredu “xahutzaile” horren aurrean, Maiorga Ramirezek “lurralde kohesioa helburu duen tren sozialaren” garrantzia defendatu zuen, “jendearen eta merkantzien zerbitzura dagoen trena”. Maiorga Ramirez kezkatuta agertu da abiadura handiko trenak merkantziak garraiatuko ez dituela ikusita. “Garapen jasangarriaz hitz egiten dugunean, zerekin lotu behar dugu, merkantziarik eramango ez duen tren faraoniko batekin, edo benetan merkantziak eramango dituen tren batekin?” . Beste alde batetik, Maiorga Ramirezek gogorarazi du “distantzia luzeak erreferentzia onak dituela herritarrentzat Alvia trenekin”.

Zentzu honetan Maiorga Ramirezek gainontzeko taldeei galdetu zien: “Zer dauka lehentasuna, 30 urteetan eraiki ez den tren bat, besteak beste oraindik Iruñeko eta Tuterako geltokiak nolakoa izango diren eta nola finantziatuko diren ez dakigunean, eta milio pila kostatuko zaigun tren hori eraikitzea; hala dugun trenbidea hobetu, bizkortu eta jendearen eta merkantzien mesedetara jarri. Ildo horretan, “guztiak aho batez ados jartzeko” eskatu zien, “lehentasuna dagoeneko daukagun trazaduran inbertitzea eta baliabideak zerbitzuetara bideratzea izan behar delako”.

“30 urte dira AHT proposatu zenetik eta milioiak eta milioiak jarri dira mahai gainean finantziaziorako eta bitartean zer gertatu da Nafarroan dauden geltokiekin? Ahaztu egin direla, langileak eta zerbitzuak kendu dituztela “, salatu zuen.

“Argi daukagu garapen ekonomiko, sozial eta jasangarriak izan behar duela lehentasuna”, amaitu zuen.