EH Bilduko parlamentaria den Maiorga Ramirezek Osoko Bilkuran Nafarroako Gobernuari galdetu dio ze egoeratan dagoen etxebizitza hutsen errolda. Errolda hau egitearen beharra 2013an onartu zen etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurriak biltzen dituen legean jasoa dago. Bertan etxebizitzaren funtzio soziala onartzen zen eta hutsik dauden etxebizitzen inguruan zenbait neurri proposatzen ziren, haien artean errolda hau egitearen beharra.

Galderari erantzunez, Jose Maria Aierdi kontseilariak esan du zenbait herri zehatzetan hasi direla gai hau lantzen, gero beste lekuetara zabaltzeko asmoz. Lau hilabete eta urte bateko epeak aipatu ditu lehenengo lanak egiteko. Honen aurrean Maiorga Ramirezek esan du “erne egongo” dela EH Bildu. “Ez badira zehazten zeintzuk diren hutsik dauden etxebizitzak ezin dira martxan jarri zigor edo sustapen neurriak”.

“Etxebizitza eta eraikuntza arloan zentzugabekeria handiak egin dira, etxebizitza eskubide sozial bat bezala ulertu beharrean. Horregatik guk ulertzen dugu kudeaketa publikotik gizarteak dauzkan baliabideen analisi bat egin behar dugula, eraikuntza berriak sustatu beharrean. Ondorioz, dagoeneko eraikita dagoena aktibatzea izan behar da lehen helburua”.

“Ez dugu nahi etxebizitza hutsen erroldarekin, trafiko-konpetentziarekin gertatutakoa errepikatzea, hau da galdetzen den bakoitzean epe berri bat ematea. Orain urte batera goaz. Erne egongo gara eta zorrotzak izango gara errolda egiteko epea bete dadin”.