Hauteskunde aurreko giroan eta UPNk aurkeztutako proposamenaren esku iritsi da berriro ere Nafarroako Parlamentura marko juridiko-politikoaren eztabaida. Eskua luzatuz erantzun du Maiorga Ramírezek, eta “bakoitzaren proiektu politikoa albo batera utzita lehen pausu bat emateko Nafarroa izango dela Nafarroak nahi duena aitortu eta adosteko” dei eginda.
Nafarroako Parlamentuak “EAEko Estatutuan Nafarroa barnebiltzea”-ren aurka egitea zen UPNk aurkeztutako ekimenaren helburua. Ramirezek gogoratu duenez, baina, EAEko Autogobernu Ponentzian adostutako dokumentuak “Nafarroako erakundeen nahiari errespetu osoa” izango zaiela esaten du.
“EH Bildu independentista da”, esan du zalantzarik gabe, “eta nahi beste alditan esan daiteke Nafarroa desagertzea nahi dugula, baina ez da egia. Konfederazioa da gure proposamena, gainontzeko euskal herrialdeekin berdinen arteko harremana”.
Nafarroako jendarteak erabaki behar du bere etorkizun politikoa, “UPNk proposatutakoa dela edo EH Bildurena dela”, aldarrikatu du Ramírezek: “Talde politiko bakoitzak defendatzen duen proiektua zen den jakinda heldutasunez erabakitzeko gai da Nafarroako gizartea”.
Oriol Junqueras epaiketan ikusita atsekabetuta zegoela aitortzen hasi du legebiltzarkideak bere hizketaldia: “Demokrata, bakezalea eta zintzoa den gizona urte eta erdi espetxean egon eta gero Epaitegiaren aurrean ikusita beti sinistu duena defendatzeagatik”. “Duten iritzi politikoa dutelako bere bizitza erdia autoaren azpira begiratuta pasa” dutenei ere elkartasuna adierazi die eta “ideia politikoarengatik inork berriro ere ez dezala biolentzia edo errepresiorik jasan” eskatu du.