Egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ eta PSE indarrean jartzen ari diren zerga politikaren porrotaz ohartarazi du Leire Pinedok gaur Legebiltzarrean, eta premiazkotzat jo du arlo fiskalean ere burujabetza osoa eskuratzea euskal jendartearen beharrak modu egokian asetzeko. EAko buruzagi eta EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, euskal instituzioek zerga guztien gaineko eskumen osoa izan behar dute sistema fiskal osoa, BEZa eta zerga bereziak barne, diseinatu ahal izateko. Horren inguruko asmoak azaltzeko eskatu dio Pinedok Jaurlaritzari, baina “Ogasun sailburuaren erantzunak agerian utzi du Lakuan ez dutela ez eredurik ez proposamenik bide horretan urratsak emateko”.
EAko buruzagiak Bizkaiko eredua zerga politikaren oinarritzat hartzea kritikatu du, ulertezina delako emaitza kaskarrenak ematen dituen ereduari itsu-itsuan jarraitzea eta, aldiz, Gipuzkoan diru-bilketa igotzea ahalbidetu duen Aberastasunaren gaineko Zerga ezabatzea. “EAJk eta PSEk bultzatutako politika horren emaitza bistakoa da, arrakala soziala gero eta handiagoa da, aberatsak gero eta aberatsagoak eta pobreak gero eta pobreagoak. EAJren zerga sistema horrek ez du bere funtzio birbanatzailea betetzen eta ez du ongizatea sostengatzeko adina diru-sarrera bermatzen”.
Osakidetzan, zerbitzu sozialetan edota hezkuntzan ohiko bilakatu diren murrizketak zerga politika horren ondorio zuzena direla azpimarratu du Pinedok. “Anbiziorik gabeko sistema da eta nora ezean dago, iparra galduta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presio fiskala espainiar Estatuaren eta Ekialdeko Europako herrialdeen parekoa baita, hau da, ongizate arloan eredugarriak ez diren estatuen parekoa; oso urrun gaude Danimarka edo Suediako ereduetatik. Bidegabea da oso, lanaren errentak eta kontsumoa zergapetzen dituelako nagusiki, kapitalaren errentak, aberastasuna eta ondarea neurri handi batean salbuetsita uzten dituen bitartean”.