Josu Erkoreka Lakuako bozeramaileak gaur bertan egin dituen adierazpenek frogatzen dute zerga erreforma presazkoa eta ezinbestekoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ongizate sistema bermatu ahal izateko. Erkorekak berak aitortu duenez, diru-bilketa alorrean Bizkaiko Aldundiak ez ditu aurreikuspenak bete eta, ondorioz, Jaurlaritzak murrizketak egingo ditu 2016ko aurrekontuetan. “Finean, Erkorekak esan duena da EAJk sustatu duen zerga politikak porrot egin duela eta horren ondorioak, hau da, murrizketak, euskal herritarrek pairatuko dituztela, diru gutxiagorekin ezinezkoa izango delako kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatu”, Leire Pinedo EAko buruzagi eta EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez.
Pinedoren esanetan, “bistan da EAEn zerga erreforma behar dugula murrizketarik gabeko ongizate sistema bermatu ahal izateko, eta hala proposatuko dugu etzi Legebiltzarrean, kapitalaren errentak eta aberastasuna gehiago zergapetzearen bitartez presio fiskala igotzeko, horrela Europar Batasuneko bataz bestekora hurbil dadin”.
Azpimarratu duenez, “EH Bilduk Gipuzkoan ezarri zuen ereduaren emaitza onak ikusita, eredu horren ardatzek izan beharko lukete EAEko zerga politika berriaren oinarria; izan ere, Bizkaiko eredua da porrot egin duena, EAJrena, alegia; hortaz, zentzugabekeria da porrot egin duen ereduari eustea, ondorioak jendarteak pairatuko dituelako. EH Bilduk argi du Gipuzkoako ereduan sakontzea dela bidea zerbitzu publikoak eta, oro har, ongizate sistema bermatu ahal izateko. Halaxe defendatuko dugu etzi Legebiltzarrean, eta PSEk erabaki beharko du Gipuzkoan babestu zuen ereduaren alde egiten duen ala EAJren zerga politika lehenestea nahiago duen, horren emaitzak txarrak izanda ere”.