Militantziak ekarpenak egiteko bideak eta zuzendaritzaren gardentasuna arautu dira

Batzar Nagusian onartu du Eusko Alkartasunak 30 urtetik gorako historian lehenengoz Parte Hartze Araudia. Testua egungo Kontseilu Nazionalak aurkeztu du, eta militantziak ekarpenak egiteko bideak ezartzeaz gain, praktika politikoa gauzatu dadin beharrezko informazioa jasotzeko moduak ere jartzen ditu.

EAren organo ezberdinen jokaera gardena ziurtatzeko neurriak onartu dira, aurretik ere ohikoa den jarrera izan arren. Era berean, Datuen Babesaren lege organikoak jarritako mugak kontutan hartuta, militantziak informazioa jasotzeko dituen irizpideak ezartzen ditu Araudiak.

Militantzia da hain zuzen Araudiaren artikulu gehienen protagonista. Batetik, afiliatu eta jarraitzaileen figurei bolondresarena gehitu zaio; Eta, bestetik, hiru talde horietako militanteei Eusko Alkartasunaren jarduera politikoan parte hartzeko duten eskubidea bermatu zaie, eta beren ekarpenak alderdiaren arlo ezberdinetara helarazteko bideak zehaztu dira.

Erregelamenduaren betetzea ziurtatu eta afiliatuen interesak defendatzeko Iradokizun, Erreklamazio eta Afiliatuen babeserako Batzorde berezia eratu da.

Eusko Alkartasunako zuzendaritzak proposatutako testuak babes zabala jaso zuen Batzar Nazionalean: 32 emendakin aurkeztu zitzaizkion; Horietatik, 20 hasieratik onartu ziren, 7 erdibidetu eta 1 erretiratua izan zen, 4 atzera bota ziren.