Jon Leza, Legutioko alkatea: “Herria bitan banatuko duen kuartela eraiki nahi dute, baina helburu bakarra Gobernuaren mugiezintasuna adieraztea da”

“Gizartearentzako aparteko interesa” izatearen arrazoiarekin kuartela eraikitzeko baimena ematen duen epaia salatu du Jon Leza, Legutioko alkateak. Besteak beste, horrek suposatzen du udalerriko arau subsidiarioak aldatu behar direla. Epaiak Auzitegi Nazionalak emandakoarekin kontraesanean erortzen da eta bozka partikular batekin onartu da, epaile batek epaia jurisprudentziaren kontrakoa dela uste baitu.

Lezak azaldu duenez, “Legution egun kuartela berriro eraikitzeak Estatuak Euskal Herria salbuespen egoeran mantendu nahi duela baino ez du adierazten”. Izan ere, “inguruan Guardia Zibilaren gaitasun operatiboa mantendu beharra” da epaiaren oinarria. Estatuak “euskal prozesu politikoaren aurrean duen jarrera immobilista azpimarratzeko erabili du kasu hau, atentatua izan zenean, 2008an, eta orain egoera berdinean gaudela irudikatzen baitu, azken zazpi urteetan euskal gizarteak egin duen bidea ezkutatu nahiean”.

Alkateak dioenez, kuartelak “herria bitan banatuko du, gizarte mailan eta hirigintzari dagokionez”. Izan ere, kuartela urbanizazio berria egin nahi duten tokiaren alboan egingo zuten, hori eta herriaren artean, “gainera kuartelaren sarrera hortik izango zen”. Udalak hor parkeak eta lorategiak ezarri nahi zituen, “eraikuntza berriko zonaldea eta herriaren artean lotura naturala eginda, orain berriz kuartela oztopo naturala izango litzateke”.