Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna. Hitz gutxi batzuk bakarrik dira, baina esanahi handia dute; izan ere, ezin hobeto laburbiltzen dute gure herrialdeak bizi duen une historikoa. Era berean, larunbaterako, apirilaren lehena, hainbat alderdi politikok Eusko Alkartasunak artean eta sindikatu gehienek Bilbon antolatu dugun manifestazioaren leloa ere bada; 40 gizarte eragilek baino gehiagok ere egin dute bat, eta jendetsua izango delakoan gaude.

Hasieran, gatazka politikoa konpontzeko prozesu demokratiko baten beharra aldarrikatzea eta euskal herritar gehienek gatazka gainditzeko oinarri uste ditugunak babesten dituztela kalean islatzea ziren gure asmoak. Alegia, guztion parte-hartzea, eragile eta Euskal Herriko lurralde guztiena; guztion eskubideen bermea; adostasun zabal eta plurala bilatzea, eta azken hitza euskal gizarteak duela onartzea dira oinarri horiek.

Gauzek hobera egin dute pauso hura eman eta herritarrak mobilizatzera deitu genituenetik. Nabarmen hobera. Su-eten iraunkorra iragarri du ETAk, eta larunbaterako manifestazioak beste garrantzi bat du. Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna. Hautatutako leloak zentzu handiagoa du orain, agian, bakea eta normalizazio politikoa eta edozein proiektu politiko independentzia barne defendatzeko aukera eta, euskal herritar gehienen babesa edukiz gero, baita betetzekoa ere, emango duen jokalekua ekarriko dituen prozesuaren hasiera baita.

Abian dira prozesua eta bidea, oztopoak izango direla eta bidea luzea izango dela jakinda ere. Lasaitasun eta pazientzia handia beharko dira, eta guztion konpromiso aktiboa ere bai. Gutako bakoitzarena, mende bat baino gehiago irauten duen gatazka luze hau gainditzeko irrika duen gizarte osoarena. Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna. Ez da geldirik egoteko unea, parte hartu eta ahaleginak batzekoa baizik, itxaropen aldi honek jokaleku guztiz demokratikoa ekar dezan, guztion eskubideak bermatu eta proiektu politiko guztiei aukera emango diena.

Arrazoiren batengatik, batzuek prozesu honen hasiera kezkaturik ikusten badute ere, lehen aukera dugu euskal herritarrok ametsa zaputz diezaguten ez dugula onartuko erakusteko, historiaren orria betiko pasatu nahi dugula eta euskal gizarteari hitza eta erabakitzeko aukera emango dizkion adostasunean oinarritutako jokalekua eraikitzeko ahaleginean ez dugula etsiko.

Egunez egun egiten da historia, eta azken kapitulua ez dago aldez aurretik idatzia. Era berean, Euskal Herrian hasitako prozesuaren amaiera ere zehaztu gabe dagoela jakin behar dugu guztiok. Bake eta normalizazio prozesuaren bidea, garapena eta amaiera ia euskal herritarren mende bakarrik egongo dira. Armak baztertuta, politikaren ordua iritsi da, bai, baina ez politikariena bakarrik. Gizarte osoak du funtsezko zeregina prozesu honetan, bere eskuetan baitu prozesua gehiengoak nahi duen norabidean zuzentzeko eta, azkenean, ondorioak herri kontsulta baten bidez berresteko aukera.

Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna. Dena dugu guztiok irabazteko: jokaleku baketsu eta guztiz demokratikoa. Guztion aldekoa. Ez inoren kontrakoa. Garrantzitsuegia da helburua prozesuaren erritmo eta garapena politikarien esku bakarrik uzteko. Herritar guztiek egin behar dute urratsa, haien borondatearen interpretazioa inoren esku utzi gabe. Lehen mailako protagonistak dira.

Euskal Herriko gizon-emakumeoi dagokigu prozesu honen amaiera zehaztea, eta larunbatean dugu norabidea zehazteko lehen aukera. Kataluniaren eta gure arteko desberdintasunak alde batera utzita asko eta handiak dira horiek, haien estatutu erreformak erakutsi digu zer edo zer: herritarren mobilizazioek prozesua bideratzeko orduan duten garrantzia, besteak beste. Agian, beranduegi irten zen Kataluniako gizartea kalera, Parlamentuan ia aho batez onartutako estatutuak galdua baitzuen ordurako bere balioa Madrilen, Zapateroren eta CiUren arteko akordioa zela eta. Kaleko mobilizazioen bultzadarekin, bestelakoa izango zen akaso emaitza; bat etorriko zen Kataluniako herritar gehienen eskaerekin. Oso kontuan eduki behar dugu hori Euskal Herrian, prozesua hasiera-hasieratik babestu eta baldintzatzeko. Izan ere, badakigu batzuek Madrilen eta beste batzuek hemen ahal dutena egingo dutela euskal herritarrok nahi dugun Euskal Herria sortzeko prozesua trabatzeko. Ezinbestekoa izango da, beraz, herritarrek garbi uztea ez dutela onartuko inork ilusioa eta itxaropena ekarri dituen prozesua galarazi eta baliogabetzea. Horregatik da garrantzitsua larunbatean 17:30ean Bilboko Aita Donostia plazatik irtengo den manifestazioak gatazkaren behin betiko konponbideari babesa eskaintzea. Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna. Jokoan asko dagoelako, larunbatean denok Bilbora.

Unai Ziarreta

Eusko Alkartasunaako idazkari nagusia

Jatorria: Unai Ziarreta