Äland-eko Lan ministro Sune Eriksson Euskadin izango da bisitan bihartik aurrera, bere euskal homologoak, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte segurantza sailburu Joseba Azkarragak egindako gonbidapenari esker.

Azkarragak iazko irailean egindako bisita itzuliko du modu horretan Äland uharteetako gobernuko lan arloko arduradunak. Erakundeetako bi ordezkariek lan arloaren inguruko gaiak jorratuko dituzte, hori baita haien ardurapeko kabineteen zeregina.

Bisitaldia asteazkenean, hilak 12, hasiko da, Eriksson eta Azkarragaren arteko lan-bilera batekin; bertan izango dira, baita ere, Saileko sailburuordeak. Ondoren, Äland-eko ordezkaria Arrasatera joango da, Mondragón Corporación Cooperativa bisitatzera, eta kontaktu zuzena izango du, beraz, kooperatiben munduarekin.

Ostegunean, hilak 13, Legebiltzarreko presidente Juan María Atutxak harrera egingo dio Eusko Legebiltzarrean, eta horren nondik norakoak eta funtzionamendua ezagutu ahal izango ditu.

Äland uharteetako ministroaren bidaiari amaiera emateko, euskal kulturaren ikur diren hiru toki bisitatuko ditu: Guggenheim museoa, Chillida Leku eta Gasteizko Katedral Zaharra.

Jatorria: Joseba Azkarraga