Planeta osoko herritarrak gogor astintzen ari den koronabirusaren osasun-krisiak baldintzatutako urte honetan, osasunak lanean duen garrantzia ere lehen lerrora ekarri nahi dugu. Koronabirusaren krisiak agerian utzi du, eta sektore gehiegitan (osasuna, gizartea, merkataritza), langileek bizi duten zaurgarritasuna, ez bakarrik arlo pribatuan, baita publikoan ere.

Laneko osasuna eta segurtasuna herritarren eskubidea da. Eta, horrenbestez, erakundeek eta enpresek betetzen dela bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio eta ikuskapen jarduerak egiteko betebeharra eta erantzukizuna dute. Are gehiago, erakunde publikoak eredugarriak izan behar dira langileen osasunerako eskubidearen defentsan eta zaintzan.

Beharrezkoa da lan-ingurune seguruetan inbertitzea, eta, horregatik, Eusko Alkartasunak langileen osasuna bermatzeko ekimen politikoak babestuko ditu gaur eta beti.