Bederatzi hilabeteko epean herrialderako Kirol Ekipamenduen Plangintza egiteko eskatu diote Arabako Batzar Nagusiek Diputazioari. Hori egiteko zerikusia duten sektore guztien –udalak, koadrilak, kontzejuak, kirol federazioak, eta EHU- ekarpenak biltzeko esan diote, baita plangintza egiterakoan irisgarritasuna eta genero berdintasunaren ikuspegia kontutan hartzeko.

Kirol Ekipamenduen Plana prozesu partehartzailearen bidez egin dadin defendatu du Lorena Lopez de Lacallek, eta berehala aurkeztu dadin eskatu: “bestela, ezin da inbertsiorik planteatu, ez baitakigu zer berritu behar den eta zer berria egin”.

Plangintza lurralde ikuspegiarekin egin behar da, “eta horrek ez du esan nahi udal guztiek denetik izango dutela, baizik eta osagarriak izan behar direla pertsona guztiengana iristeko, eta hori lortzeko garraioa ere garrantzitsua da”. Lopez de Lacalle, EH Bilduko batzarkidea eta EAkideak kirolaren arlo batzuk lehenestu behar direla azpimarratu du, hala nola, adin guztientzakoa, emakumeena, integratzailea eta, noski, eskolartekoa”.