Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea

Euskal Herrian politika egiten duten giza agente orok planteamendu bikoitza egin behar du eguneroko jardunaldian, alde batetik epe motzeko erabakiak hartu eta bestalde etorkizuneko edo epe luzeko helburuak alde batera ez utziz alegia. Hain zuzen, alderdi politiko zein sindikatuek epe luzeko estrategi politikoak eztabaidatu eta erabakitzen dituzte biltzarretan eta batzarretan, eta erabaki horien inplementazioa egiten dute egunez egun diharduten erakunde eta foro desberdinetan. Halaber, garrantzitsua da egoeraren hausnarketa politikoa egiterakoan, epe luzeko estrategiak aztertzeaz gain Euskal Herrian ditugun erakundeen kudeaketa nolakoa den aztertzea.

Azterketa instituzionalarekin hasita Ipar Euskal Herria da zalantza izpirik gabe egoera kaxkarrena bizi duena, departamenduaren aldeko aldarrikapena alderdi abertzale eta ez abertzaleen aldarrikapena bada ere, departamenduaren eskaerak berriro ere beste porrot bat jaso baitzuen orain egun gutxi Parisko Batzar Nazionalean. Raffarin buru dela Frantziak osatu nahi duen estatu formaren birplanteamenduaren ondorio posibletzat jotzen genuen askok euskal departamenduaren gauzatzearekin bukatuko zen prozesuaren hasiera, baina beste behin, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskaldunen aldarrikapenak ez du Parisko agintarien aldeko erantzun positiborik izan. Halere, ironia punttu batez, erakunde propiorik ez izatea ere positiboa gerta litekeela pentsa genezake Nafarroako egoera azterturik, non, kudeaketa lotsagarria nafarren interesetako kaltegarria bada ere, Miguel Sanzen gobernuaren interes soila euskal aztarna kopuru gehiena ezabatzea den, helburu horren lorpenerako autogobernuak eskaintzen dizkien tresnak darabiltzatelarik. Ez noa zerrenda luze eta beltza gogoraraztera, baina Nafarroako gizartearengan fedea ez dut galdu nahi, eta UPN alderdiak hurrengo hauteskundeetan egindako lanaren fruitu negatiboa jasoko duen ziurtasuna badut. Euskal Autonomia Erkidegoaz ez naiz luze arituko, ezin baita ukatu hirukoak legebiltzarrean duen gehiengoak kudeaketarako abagune polita eskaintzen duela hezkuntza, etxebizitza zein osasun arloetan besteak beste. Ondo kudeatzea da hirukoaren beharra, eta legegintzaldia bukatuta, hirukoaren kudeaketak emandako emaitzen errepasoa egitean ez da motza izango lorturiko emaitza positiboen zerrenda.

Nora goaz ordea? Kudeaketa nahikoa al da XIII. mendetik hona euskaldunen belaunaldi guzti-guztiak askatasunerako izan duten egarria asetzeko formula? Baiezkoa esango duenik ez da, eta horregatik alderdien epe luzeko estrategia ere aztertu behar dugu, eguneroko erabakiak alde batera utzita. Eusko Jaurlaritzaren planak aukera bat ireki du Espainiarekin izan beharreko konfrontazio politikoa artikulatzeko. Planak ez du bukaera puntua zehazten, metodologia bat aurkeztu da, nire aburuz, non eragile politiko eta sozial bakoitzak ekarpenak egiteko aukerak izango dituen, ezarritako epearen bukaeran, prozesuan parte hartu dutenen ekarpenek markatuko dutelarik planaren azken edukia. Bestela esanda, herri honen independentzia, askatasuna eta emanzipazio nazionala helburu daukagunok prozesu honetan parte hartzen ez badugu, ez genuke harritzeko eskubiderik ere, hamabi hilabete barru burutuko den testu artikulatuan eduki soberanistarik ez badago. Bestela esanda, gakoa borondatea da, testu artikulatuaren diseinuan parte hartuko duten eragileen borondate politikoan, eta beraiek zehazturiko mugetan egongo da prozesu honen muga.

Batasunaren legez kanporatze prozesua da mahai gainean dugun bigarren gakoa. Batasunak pairatzen duen eraso judizial-politikoa ez da bakarrik ezker abertzalearen zati horren aurkako erasoa, baizik eta gatazka militarra gatazka politiko huts bihurtzeko ezinbestekoak diren baldintzen aurkako erasoa. Demokraziak bideak eskaini behar ditu edozein helburu politiko lortzeko eta edozein konfrontazio politiko planteatzeko, bide armatuak tresna politikotzat jotzen dituzten euskaldunei alternatiba bat eskaini behar zaielarik, aktibismo politikorako alternatiba eta askatasun helburuak lortzeko tresna baliagarria. Demokraziak tresna horiek ukatzen baditu beste bide batzuk jorratzen jarraitzeko beharra izango da askorentzat. Hain zuzen, azken hauxe da nire iritziz PP eta PSOE-ren erabaki politikoaren atzean ezkutatzen den helburu politikoa: elkarlanerako aukera guztiak ezabatu eta borroka komunerako bideak oztopatzea. Bada halaber bigarren aldagai garrantzitsu bat: demokraziak bideak eskaintzen baditu ere, bide horiek ezerezean geratzen dira konfrontazio politiko erreala burutzeko asmorik ez badago, argi izanik gainera Euskal Herriaren askapena ez dela sekula lortuko estatuen onarpen hutsetik, inolako borroka politiko irmorik gabe. Konfrontazio politiko horren aldagai kuantitatibo eta kualitatiboetan datza Euskal Herriaren etorkizuna, eta oraingoz, aldagai batek zein besteak nahiko itxura txarra dutela begi-bistakoa da.

PP eta PSOE alderdiek ez dute hurrengo hilabeteetan inolako mugimendurik egingo, Espainiako hauteskundeak bistan dituztela euskal abertzaletasunari atseden politiko eta judizial minimoak bere ordainsaria izango baitu hauteskundeetan. Bada 2003ko hauteskundeak pasatuta, PSOEk presidentzia lortu eta gero gauzak aldatuko diren esperantza duenik: aldatu litezke, baina kudeaketarako egonkortasun gehiago eskainiz, besterik gabe. Jokaleku horrek ez du ezertan gaur egungo egoera aldatuko, euskaldun askok pairatzen dituzten giza eskubideen urraketa indibidual zein kolektibo desberdinek amaierarik ez baitute izango.

Gure betebeharra da helburuari tinko eusten jarraitzea, euskal belaunaldi askok eutsi baitiote herri askagintza prozesu luze honi, eta asko izango dira hurrengo belaunaldietan jarraituko dutenak ere, azken finean gu katearen beste kate-maila bat gara eta. Hori bai, gure lanaren aurrerapena hurrengoen abiapuntua izango da.

Jatorria: Martin Aranburu