Kataluniako preso politikoen auzia ez dela pertsona jakin batzuen kontrako epaiketa baizik eta demokraziaren aurkako auzia esan du gaur Eusko Legebiltzarrean Pello Urizar, EAko idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak. Iragan astean presoekin bildu eta gero egin bezala, auzia Euskal Herriari ere dagokiola azpimarratu eta jarrera aktiboagoa eskatu dio Urkullu lehendakariari.

“Hau ez da pertsona konkretu batzuen kontrako prozesu juridiko politikoa, eta are gehiago ez da ere soilik Kataluniaren kontrako eraso bat: Nazio propioak ditugunentzat inposatutako marko espainiarra ezinbestean onartu behar dugula jakinarazteko abisua baizik”, esan du Urizarrek. Horrela izanda, Urkulluri esku hartu dezan eskatu dio, “ez erdibideko lanak egiteko baizik eta euskal arazoari ere aurre egiteko jarrera zehazteko Espainiako Gobernuaren aurrean”.

Jokoan dagoena “Euskal Herria eta Espainiaren arteko elkarbizitza borondatezkoa edo inposatutakoa izango den” da, adierazi du EAko idazkari nagusiak: “Eta borondatezkoa bada, berdinen arteko erlazioa izan beharko da”. Estatus berriaren aldeko aldarria egin du parlamentariak, Urkulluri EH Bilduren babesa eta laguntza eskainita, hasitako bidean jarraitzeko.

Osoko bilkurako beste gai batean, lan istripuen aurkako neurri zorrotzak hartzeko eskatu dio Maider Otamendik Jaurlaritzari, pasaden astean lau behargin hil zirela gogoratuta. Lan istripuetan hildako langileen kopurua “ez da onargarria”, adierazi du.