Legebiltzarreko batzordean Azkarragak azpimarratu duenez, Justizia Saila eraginkortasunez inplikatu da Prozedura Kriminaleko Legearen erreforma berme guztiekin indarrean sartzeko bitartekakoak jartzerakoan Eusko Legebiltzarreko Justizia batzordearen aurrean agertu da sailburua, Prozedura Kriminaleko Legearen erreforma EAEn izaten ari den ezarpenaren inguruko azalpenak emateko; izan ere, apirilaren 28an indarrean sartu ondoren, hainbat delitu epaiketa azkarren bidez epaitzeko prozesu berezia sortuko da. Prozesu horren bitartez, justizia penalaren erantzunaren berehalakotasun eta bizkortasuna bermatu nahi dira, atzerapenak ekidin ahal izateko.

Azkarragak adierazi zuenez, erreforma hori eraginkorra izan dadin, era batera edo bestera Justizia Administrazioan esku hartzen duten guztien arteko lankidetzarako tresnak garatu beharko dira.

Hala, sailburuak bere “nolabaiteko poza” adierazi zuen: “nolabaitekoa diot, begi-bistakoa delako den-dena ez dela ehuneko ehunean prest egongo sistema berria inauguratzerakoan, baina poza adierazten dut, hala ere, benetako ahalegina egin dugulako herritarrak zapuztuta sentitu ez daitezen´.

Gogorarazi zuen Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2003ko otsailaren 26an onartu zuela guardiako zerbitzu berriak diseinatzen zituen arautegia, eta erantsi zuen sailaren eta eragile judizialen arteko lanari esker sortu dela zerbitzu berria, eta, guztira, 1.692.000 euro inbertitu direla horretarako Euskal Autonomia Erkidegoan.

Esperientzia pilotua

Azkarragak adierazi zuenez, EAEko jarduera BULEGO JUDIZIALETAN KOORDINAZIOA, BALIABIDEEN HORNIKUNTZA ETA ANTOLAKETA LORTZEKO NEURRIEN bidez osatu da.

Neurri horiek guztiak ahalik eta azkarren garatzeko asmoz, erreformaren eragina baloratzeko esperientzia pilotuak egitea proposatu zuen sailak, akatsak eta beharrak detektatu ahal izateko; horrela, indarrean sartzean, ahalik eta berme gehienekin aplikatu ahal izan zedin. Hala, 81 egunetan gauzatutako esperientzia horiek Bilbon (1), Vitoria-Gasteizen (2), Donostian (2), Barakaldon (4), Irunen (1) eta Durangon (1) garatu ziren.

Horien guztien azterketaren ondorioz, jardun koordinaturako protokoloak ezartzeko eta akatsak eta beharrak non sortzen ziren detektatzeko beharra azaleratu zen; horrela, sailburuaren arabera, behar horiek ia oso-osorik aseta egotea lortu da.

KOORDINAZIO LANAK

Azkarragak adierazi zuenez, epaiketa azkarrak abian jartzeko beharrezkoa da erreformarekin nolabaiteko harremana duten erakunde guztien arteko koordinazioa. “Horiek dira, besteak beste, instrukzioko eta penaleko epaitegiak, fiskala, segurtasun-indarrak, abokatuak, prokuradoreak, Osakidetza, Auzitegiko Medikuntzako Erakundea eta Justizia Saila”.

Esperientzia pilotuan oinarrituz, jarduteko irizpide komunak ezartzen zituzten koordinazio-protokolo batzuk sortu genituen, aipatutako erakunde eta giza talde guztiek sinatutakoak eta ondokoez osatutakoak:

- Poliziarentzako jardun-arauak, poliziaren zitazioen ereduekin.

- Erabiltzailearen eskuliburua, zitazioen agenda programaturako.

- Epaileen batzarren akordioak.

- Fiskaltzaren instrukzioak.

- Abokatuen eta prokuradoreen arau berriak.

- Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen antolaketa berria.

- Osakidetzaren instrukzio berri bat.

- Peritu eta itzultzaileen laguntza eskatzeko era berriak.

BALIABIDEEN HORNIKUNTZA

Justizia sailburuak adierazi zuenez, “epaiketa azkarrak ezartzeko dauzkagun giza baliabideak eta baliabide materialak aztertu ditugu, eta behar den guztiarekin osatu ditugu”, betiere jakinda “helbururik onenak ez duela inolako baliorik baliabideak jartzen ez badira”. Azpimarratu zuenez, instrukzioko epaitegiak, penalekoak eta guardiako zerbitzuetako lanpostuak izan dira aztergai nagusiak, organo horietan izan baitu lege berriak eragin handiena.

Giza baliabideak

Batetik A) Langile ez jurisdikzionalak eta bestetik B) Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak bereiztuz:

A) Lehenengoari dagokionez, interpretariak eta perituak etengabe eskura edukitzeko beharra zegoela ondorioztatu da.

a. Une hauetan, interpretarien zerbitzua eskatu ohi diren hizkuntzetan edozein unetan prest egoteko moduan dago antolatuta.

b. Gaur arte peritu tasatzaile nahikoak ditugu peritazio judizialetarako.

B) Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei dagokienez.

a. Bilbo, Barakaldo, Donostia eta Gasteizko instrukzioko epaitegi esklusiboetako plantillak handitu dira, laguntzaile bana gehituz. 23 laguntzaile guztira.

b. Era berean, akordio bat lortu dugu Justizian ordezkaritza duten bost sindikatuekin, guardia-zerbitzua egiteagatik nekagarritasun-plusa jasotzen duen funtzionario-kopurua handitzeko. Horren helburua da guardia-taldeari egokitutako plantilla lortzea, bai goizeko zein arratsaldeko ordutegian, eta epaitegien tipologiaren arabera, bertan ezinbestez egon behar duten funtzionario-kopuru bat ziurtatzea, baita prozedurako sistema berriaren errekerimenduei erantzuteko behar besteko prestasuna duten beste zenbait ere.

c. Orobat, hiru auzitegiko mediku gehiago hartu dira (lurraldeka bana); nolanahi ere, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeak ondoren antzeman ditzaken premia berriei ere erantzungo zaie.

d. Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendaritza-organoekin adostu dugu egunero guardian egoten diren auzitegiko medikuak areagotzea. Hala, Araban 2 izango dira, Gipuzkoan 3 eta Bizkaian 4, horrekin sor daitezken beharrei erantzungo zaielakoan.

Baliabide materialak

Baliabide materialei dagokienez, Azkarragak onartu zuenez, orain dela urte batzuetatik gure autonomia erkidegoan garatzen ari den egoitza judizialak berritzeko politikak ´lana erraztu digu orain. Badago egiaztatzea, bada, guardia-epaitegietako bulegoak, oro har, egokiak direla bai funtzionarioak bai herritarrak hartzeko´.

Dena den, haren esanetan, guardia-epaitegi guztien baldintzak aztertu dira, eta Fiskaltzaren zein Bulego Judizialaren behar berriak ebaluatu, eta horrek zenbait jauregitan egokitze-lanak egitea ekarri du.

Orobat, aditzera eman zuenez, nahiz eta guardia-epaitegiak 14 barruti judizialetan gutxienez erabilera anitzeko aretoa, informatika-azpiegituraz eta grabatzeko baliabideez hornitutakoa, izan, orain besteren bat sortzeko aukera aztertzen ari da, esate baterako, Gasteizen; era berean, Barakaldon ere judizio-areto bat egitea behar zela pentsatu zen, eta dagoneko atonduta dago. Sailburuak adierazi zuen, bestalde, epaiketa arinak garatzean egongo dela aukera areto gehiago egokitu behar diren aztertzeko.

Bestalde, azpimarratu zuenez, gaur egun Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko laborategi-arloko obrak egiten ari dira, tresna berriak sartzeko, eta, hori dela eta, lanak amaitu arte ―segur aski irailean edo―, drogen azterketak osasuneko probintzia-ordezkaritzetan egingo dira.

Baliabide materialen arloari dagokionez, sailburuak berariazko arreta jarri zien informatika aplikazioei. ´Izan ere ―esan zuen―, sistema berriak atxilotutako pertsona guztien zigor arloko historialaren orria berehala eskura izatera behartzen du, eta, horretarako, badaude hiru terminal dekanotzetatik Justizia Ministerioren datu-baseekin loturik daudenak; horrez gain, idazkari judizial bakoitzak datu-base horretan sartzeko bere pasa-hitza dauka, eta, horrenbestez, guardia-zerbitzutik bertatik egongo da aukera beti aurrekari penalen berri izateko berehala´. Era berean, guardia-epaitegietako fiskalen bulego guztietan ordenagailua jarri da, eta judizio-aretoak ere beharrezko baliabideez horniturik daude.

Bestalde, izapidetzeko sistema berriei, erregistro-sistemako ereduei eta horren eguneratzeari alta eman zitzaien sisteman, apirilaren 27an. Orobat, Azkarragak azaldu bezala, la zitazioen agenda programatua informatika-lanabes eraginkor bilakatu da, hala poliziak zitazioak egitea izan dezan, nola epaitegiak bere ordutegiak antola ditzan.

Nahiz eta prozedura-sistema honek froga soinua eta irudia grabatzeko eta erreproduzitzeko egokia den euskarri batean jasotzera behartzen ez duen, hori egiteko aukera ematen du. Horregatik, erkidegoko judizio-areto guztiak teknologia horrekin horniturik daude.

BULEGO JUDIZIALAK ANTOLATZEKO XEDAPENAK

Gainera, Azkarraga sailburuak gogorazi zuen zuzentzen duen sailak bulego judizialak antolatzeko formula berrien proposamen bat egin duela. Prozedura berriak oso epe laburrean egin beharreko diligentziak hartzen ditu, eta, beraz, pentsatzekoa da lan-metodoak ere berraztertu beharko direla. Horregatik, hain zuzen, erronka berriari berme guztiekin eusteko formula berriak planteatu dira.

Prestakuntza

Bestalde, lege-araudi berriak eragingo dituen kolektiboak birziklatze aldera, sailak zenbait ikastaro antolatu zituen. Besteak beste, Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan, Bilbon, otsailaren 27an eta 28an egindakoa, epaileei zuzendutakoa, aipatu zuen; eta fiskalei zuzendutakoa, martxoaren 13an eta 14an, Bilbon, Justizia Ministerioarekin batera programatu zena; baita martxoaren 28an idazkariei eskainitakoa ere. Gainera, Instrukzio epaitegiko eta epaitegi mistoetako funtzionario guztiek izan dute aukera prestakuntza-ikastaroetara joateko, eta beste ikastaro espezifiko batzuk eskaini zaizkie Justizia Administrazioko gainerako funtzionarioei.

LABURTUTA

1.- Sailak aktiboki parte hartu du, bere eskumenen barruan, behar beste baliabide jarriz, erreforma behar bezala abia zedin.

2.- Gura horren seinale dira, hain zuzen, gaian zerikusia duten guztiekin adostutako eredu-esperientzia eta ebaluazio-sistemak.

3.-Lankidetzaren ondorioz, zenbait protokolo sinatu dira, erreforma gauzatze aldera, eta prestakuntzako programa zabala garatu da.

4.- Guztira, 1.692.000 euro baliatu dira epaiketa azkarren ezarpena ordaintzeko.

5.- Aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko hitzari eusten diogu.

Jatorria: Joseba Azkarraga