Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua Bost axola zaie.
Alderdi Popularraren gobernua Batasuna legez kanpo utzi nahian dabil, eta haren
kideek egunero-egunero errepikatzen dute hori egingo dutela, bakarrik edo beste
batzuen laguntzaz. Bost axola zaie 1978ko Alderdien Legea ahalbidetzeko nekez
landutako adostasunaren bidea apurtzea. Bost axola zaie elkarrizketaren eta
akordioaren alde erabili duten diskurtso hanpatua erretorika xalo hutsa bilakatu
izana, mezu bakarra entzutera prest dauden belarrien gozagarri baino ez. Bost
axola zaie sona handiko legelariek, Zuzenbidean fede osoa duten dudarik ez dagoelarik,
erreparo handiak eta zalantza larriak azaldu izana konstituzioaren -eta nire
ustez, demokraziaren- muga-mugan dagoen aurreproiektu baten gainean.
Bost axola zaie,
bai, eta horren froga da joan den ostegunean Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiko
Ikerketa Batzordeak, PPk izendutako hiru kidek eta PSOEk aukeratutako beste
bik osaturikoak, emandakoa. Bost kide horien banaketa epaileen gobernu-organoko
bozeramailearen hitzetan iritzien ‘diferentzia’ hutsa bada ere, askoz
gehiago erakusten du. Dudarik gabe demokraziaren etorkizunerako gai erabakigarria
eta garrantzi handikoa izanik -oinarrizko zutabe batez ari gara, elkarte politikoak
egiteko eskubideaz, hain zuzen-, Espainiako eskuinak PPk proposatutako Alderdien
Lege berriak funtsezkotzat ematen duen kontsigna inposatu zuen, inoiz ezkutatu
ez duten helburua lortze aldera: mapa politikoan parte hartzeko eskubidea epaitegietan
irabazitako talde bat legez kanpo uztea.
Banaketa hori azpimarratzea
garrantzitsutzat jotzen dut, Justiziaren aldeko Ituna deitutakoa fabula gisa
argitzen baitu. Epaileen gobernu-organoan ezarritako botere-banaketa ez dago
gobernuaren kontroletik kanpo. Ez dugu eztabaidatuko egoera hori zilegi ote
den; baina ezin dute nahi izan herritarrak horretaz ez jabetzea. Ez dute baliatzen
bereziki ‘zailtzat’ jotzen diren kasuetan bilatu beharreko oreka;
PPren gehiengoa baino ez dute baliatzen. Egia da, izan ere, Aginte Judizialaren
Kontseilu Nagusiak Alderdi Politikoen Lege berriaren aurreproiektuaz gobernuari
bidaltzen dion irizpena ez dela loteslea izango gobernuarentzat, ezta Estatu
Kontseilurena ere; nolanahi ere, legezkotasunaren gaineko erreferentziak dira,
alboratu ezinezkoak. Tamalez, erreferentzi horiek ez doaz teknikotzat jotzen
diren kontuetatik haratago, eta gobernuari ‘hori da marka zurea’ adierazi
baino ez dute egiten.
Tamalez diot, zenbait
adituk, Konstituzio Zuzenbidean eta Zigor arloko jakitunek, neurrira egindako
aurreproiektuari oztopo handiak jarri dizkiotelako; izan ere, terrorismoari
aurre egiteko demokrazia defendatzearen aitzakian -horren beharra, bestalde,
inork ez du zalantzan jartzen- helburu bakarra dute: alderdi bat legez kanpo
uztea. Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiko Ikerketa Batzordeko bi zatiek
elkarrengandik aldendutako jarrerak azaltzen dituzte, zenbait kontu direla-eta
aldeak sakonak izanik, hala nola: zeintzuk diren alderdi bat legez kanpo uzteko
aurreikusitako arrazoiak; zeinek duen zilegitasuna indar politiko baten desagerpena
eskatzeko; eta zein organo judizialek ebatzi behar duen prozesua.
PPk PSOEri eta
demokrazia-aukerako gainerako alderdiei irentsarazi nahi dien legea eztabaidatu
duen legelari ugari sozialdemokraziaren ildokoa da. Merkatua ulertzeko modu
desberdina ez da eskuina eta ezkerraren bereizgarri bakarra; batez ere askatasun
politikoa legalitatearen oinarria dela eta ez kontrakoa ulertzeko modu desberdinak
bereizten ditu bi joera politikook.
Orain dela gutxi,
Marylise Lebranchu Frantziako Justizia ministroak azaldu zuen bere estatuan
Batasuna legez kanpo uzteko aukera ez dutela proposatu, eta indar politiko bat
debekatzean ‘kontu handiz’ ibili behar dela aitortu. Hala, egoera
benetan konplexua delakoan, honako gogoeta egin zuen: espainola izatekotan,
‘tentu handiz’ ibiliko zela horrelako erabaki bat hartzean.
Behin baino gehiagotan
komentatu dut ez dudala Batasuna defendatzen, aukera politiko horrekin askatasunean
bat egin nahi duten emakumeen eta gizonen eskubidea baizik. Euren jokabidea
nazkagarria edo arbuiagarria egiten bazait, beste kontu bat da. Baina terrorismoari
aurre egiteko demokrazia gehiago baliatu behar dela beti pentsatu dugunok soberan
kezkatuta gaude PPren proposamena dela-medio.
Aznarren gobernuaren
planteamenduarekin, eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen sistema aurreikusterik
ez dagoen bidean sartzen da, errebantxa bilatu nahian eskuinak egindako pultsua
nagusi delarik. Hain da horrela, non demokraziaren kausa bezala aurkezten dutena
bakarrik ere egingo dutela azpimarratzen dute, inolako lotsarik gabe. Agian,
komeniko litzaieke gogoratzea ezen, txalotutako Espainiako trantsizioari euskarriak
jartzeko asmoz, funtsezko gai baten gainean adostasuna lortzeko, 1978an egin
beharreko ahalegina egin zela. Arazoa da orain, hogeita bost urte beranduago,
zer gertatzen den bost axola zaiela, euren gehiengo osoari eutsita egiaren eta
onaren monopolioa darabiltelako. Hala egiten dute, ados ez gaudenon iritziari
entzungor; nabarmena denez, gure iritzia ere bost axola baitzaie.

Jatorria: Eusko Alkartasuna