Juan Mari Lekuona poeta handiaren eta euskaltzain osoaren heriotza dela-eta, Eusko Alkartasunak, bere senitartekoei eta Euskaltzaindian kide izandakoei doluminik zinezkoenak adierazteaz gain, albiste latz honek euskal kulturari, euskalgintzari eta literaturgintzari bereziki, ekarri dion galera nabarmendu nahi du. Lekuonak euskal kulturaren eta euskararen beraren alde eginiko lana aitortu ez ezik eskertu ere egin behar dugu ordu latz hauetan, berak eta bera bezalako beste batzuek egindako lan eskerga barik gure hizkuntzak azken urteotan izan duen garapena ezinezkoa izango zatekeelako.

Urak dakarrena urak daroa, esan ohi da heriotza gure bizitzan gupidagabe sartzen denean; esaera zaharra, ordea, ez du balio Juan Mariren kasuan, berak egonkortasuna –hilezkortasuna, hitz batean esanda– merezimendu osoz irabazita baitauka euskal literatura izugarri aberastu duten bere olerki eta liburu bikain eta distiratsuei esker, bai eta bere ibilbide eta konpromiso pertsonalari esker ere.

Eusko Alkartasunarentzat ohore handia izango da bihar Oiartzunen egingo diren hileta-elizkunetan azken agurra ematea, bai eta Euskaltzaindia prestatzen ari den omenaldian parte hartzea ere.

Jatorria: Eusko Alkartasuna