Eusko Alkartasunako Batzar Nagusiak atzo Gasteizen egindako bileran hautatutako jarduneko idazkari nagusiak alderdiko hurrengo burua aukeratzeko prozesua “eredugarria izan dadin guri dagokigu” esan du gaur goizean Euskadi Irratiak egindako elkarrizketan. “Prozesu garbia eta gardena” egingo dela azaldu du Joseba Gezuragak, “non eta hautagai bakoitzak bere esparruak izango dituen”.

Atzoko Batzarrean egindako izendapena “erantzukizun itzela eta ohorea” dela esan du jarduneko idazkari nagusi berriak, eta lan zehatza egiteko hautatua izan dela argi duela: “garai berezia kudeatu beharra dut, Idazkaritza Nagusia primarioen bidez hautatzen dugun lehen prozesua”.

“Nik agindu bat daukat”, azaldu du, “prozesua martxan jartzeko bi hilabeteko epea” dagoela adierazita. Epe horretan “prozesu ahalik eta parte hartzaileena, ahalik eta irekiena” egingo dela esan du, “lehen aldiz Eusko Alkartasunako militantzia guztiak Idazkaritza Nagusiaren hautaketa prozesuan” parte hartuko duenaren garrantzia azpimarratuz. Hurrengo egunetan eman beharreko pausuei buruz “Estatutuetan eta araudietan ondo araututa” daudela esan du, “organo bakoitzari berea egitea” dagokiolarik.

Kazetariaren galderari erantzunda, Eusko Alkartasunean ez dagoela zatiketarik aldarrikatu du Gezuragak, “2017ko Biltzar Nagusian %80ak onartutako ponentzia aurrera” atera zela gogoratuta. Alderdiaren barruan “eztabaidarako esparru asko dagoz”, gehitu du, “sakon eta luze eztabaidatzen ohitua dagoen alderdia gara, zorionez edo zoritxarrez”.