Joseba Azkarragak onuragarritzat jo du María Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidente izendatzea
´Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko II. Biltzarra´ inauguratu du gaur goizean Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Donostiako Kursaal Jauregian izango den biltzar horretan laneko prebentzioaren inguruko profesional eta aditu ugari bilduko dira, gaurtik datorren ostiralera bitartean.

Bere ardurapeko sailak eta Osalanek biltzarra antolatzeko kontuan izan dituzten arrazoiak azaldu dizkie Joseba Azkarragak bertan zeudenei. ´Atzera begiratzen badugu -adierazi du sailburuak-, lan-munduaren inguruko gaiek -segurtasun eta osasunaren ingurukoek batik bat- izan duten aldaketa eta eboluzioaren neurria ikusi ahal izango dugu, eta konturatuko gara bi gai horiek azterketa xehe eta sakona merezi dutela´. ´Eztabaida gune hau -gaineratu du- aukera paregabea da esperientziak eta ezagutzak trukatu eta alderatzeko, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko dugun asmo irmoarekin aurrera jarraitzen lagungarri izan daitezen´.

Azkarragak ondokoak aipatu ditu arriskuen azalpena eta prebentzioari buruzko ikusmoldea aldarazten ari diren eragile gisa: teknologia berrien hedapena, ekonomiako hirugarren sektorea indartzea, merkatu berriak irekitzea, immigrazioa, emakumeak lan-merkatura sartzea eta lanari buruzko lege-arau berriak.

Laneko arriskuen prebentzioak azken hamarkadetan izan duen egoera aipatu du Lan sailburuak bere hitzaldian, eta adierazi duenez ´laurogeita hamarreko hamarkadara arte ez zen hasi zabaltzen istripua enpresaren prebentzioaren porrota zelako kontzientzia´.

Globalizazioak ezartzen dituen eskakizunak nagusi diren ekonomia batean zera gomendatu die Joseba Azkarragak lehiakideen aurrean abantaila lortu nahi duten enpresei: ´gehiago eta merkeago produzitzeko asmoak albo batera uzteko´ eta kalitatea, berrikuntza, ikerketa, sormena eta langileen arriskuen prebentzioa sustatzeko. ´Lan-ingurunean, enpresaren kudeaketa osoaren alderdi bat gehiago izan behar du prebentzioak. Horregatik, horrela hartu behar da enpresako alderdi guztietan, arlo funtzional guztietan eta ardura-maila guztietan´, azpimarratu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

Laneko arriskuen prebentzioari buruzko lege-arauek berriki izan duten erreforma kritikatu du; izan ere, hainbat hutsune ditu, besteak beste: ´ez du kontuan hartzen herrialde honetako enpresen errealitatea; hemen enpresa ertainak eta txikiak dira nagusi, eta horiek dira haien kudeaketaren barruan prebentzioa sartzerakoan zailtasun handienak dituztenak´.

Sailburuak adierazi duenez ´ez da nahikoa arauak formalki betetzea arriskuak ezabatzeko, nahiz eta, inolako zalantzarik gabe, horiek bete ezean guztiz ziurra den prebentzioak porrot egingo duela´. Horri dagokionez, zera eskatu du Azkarragak Autonomia Erkidegoarentzat: ´prebentzio arloko legeen aplikazioaren benetako kontrola -kontrol formaletik haratago-. Kontrol hori Lan Ikuskatzailetzaren esku dago egun, eta Espainiako gobernuak egin beharreko transferentziaren zain´.

Herritar guztien ardura etikoaren aldeko deia egin du Joseba Azkarragak laneko ezbeharrei aurre egiteko: ´Segurtasunak eta osasunak gizarte osoaren konpromisoa izan behar dute, bereizketarik gabe. Etorkizunarekiko eta datozen belaunaldiekiko konpromisoa denok hartzen ez badugu ezer ez da eraginkorra izango´, adierazi du Lan sailburuak.

Hitzaldiari amaiera emateko, laneko ezbeharren aurkako borroka beste edozein gairen aurretik jartzeko denon ahalegina eskatu zuen, ´ezinbestekoa eta premiazkoa´ delako. ´Gune honetan adierazi nahi dut, berriz ere, prest nagoela eta borondatea dudala gizarte-elkarrizketan sakontzeko; eta berresten dut horretarako gonbidapena. Izan ere, gizarte-elkarrizketa hori beharrezkoa da laneko ezbeharren aurka egiten ari garen ahaleginari ahalik eta ateramendu onena ateratzeko´.

DIPLOOS SARIAK

´Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko II. Biltzarraren´ barruan, langileen segurtasunaren aldeko lanagatik nabarmendu diren enpresei Istripuen Prebentziorako Elkarteak urtero ematen dizkien sariak banatuko ditu gaur arratsaldean Azkarraga sailburuak.

Ekitaldi horretan segurtasunaren Diplooos-Sari nazionala emango dio Nissan Motor Ibérica enpresari. Etxebarriko Arcelor Packaging Internacional; Sant sadurní d´Anoiako Castellblanch, s.a.; Bartzelonako Contratas y Obras, s.a. eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusia enpresek, bestalde, ohorezko aipamenak jaso dituzte.

Jatorria: Joseba Azkarraga