· Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak “Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioaren” Biltzar Nagusia inauguratu du gaur.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte sailburu Joseba Azkarragak justizia soziala, ingurunearekiko errespetua, ongizate ekonomikoa, gizarte-kohesioa eta enpresetako langileen partaidetza oinarritzat hartuz garapen eusgarria sustatzearen aldeko apustua berretsi du gaur.

Gaur arratsaldean Gasteizen “Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioak” egindako biltzar nagusia inauguratu du Azkarragak. Urtero bezala kooperatibista asko bildu dituen ekitaldi horretan, enpresa berriak sustatzen eta daudenak -kooperatiba zein enpresa gisa- sendotzen jarraitzeko borondatea adierazi die sailburuak bertaratutakoei. ´Kooperatibak -gizarte-ekonomiako enpresak- sustatuz, gizarte parte hartzaileagoa, demokratikoagoa eta solidarioagoa ere sustatzen ari gara” azpimarratu du Joseba Azkarragak.

´Batzuetan geure buruari galdetzen diogu leku jakin batean nola lortu daitekeen kohesio eta ekitate maila handiagoa, nola erdietsi denboran iraungo duen gizarte- eta ekonomia-sustraitze bat, nola bermatu herritarren benetako partaidetza beren bizitzan eragina duten esparruetan; halakoetan, ezin dugu Gizarte Ekonomia ahaztu, bereziki Kooperatibismoa”, adierazi du Azkarraga sailburuak.

Gai horren inguruan, Enpleguko arduradunak ekitaldian zeudenei gogorarazi dienez, lurraldean Gizarte Ekonomiako enpresak sustatzeko laguntzak arautzen dituen Agindu bat onartu berri du bere ardurapeko Sailak. Joan den abenduan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako arau horren xedea laneko partaidetza, aberastasunaren ekitatezko sorrera eta banaketa eta eskualdeetan enplegua sortzea helburu duten jarduerak sustatzea da.

Joseba Azkarragak adierazi duenez, enpresen aberastasuna enpresa hori osatzen duten pertsonengan datza, teknologian eta finantzazio-baliabideetan baino gehiago. ´Pertsonak -baieztatu du- enpresa berrien estrategiaren parte dira, eta lan-prestazioaren eredu berrietarako beharrezkoak dira partaidetza demokratikorako gune diren lantokietan lan egiten duten langileak, kudeaketa modernorako ezinbestekoak baitira inplikazioa eta partaidetza”.

Jatorria: Joseba Azkarraga