Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, agerraldiari hasiera emateko, honakoa baieztatu du: “Giza Eskubideekiko konpromisoa, eta horien babesa, Eusko Jaurlaritza osatzen dugun hiru alderdien artean ekainaren 27an sinatutako Koalizio Akordioaren printzipio nagusia”. Horrez gain esan du Gobernu-programaren oinarrietako bat dela.

Azkarragak argi adierazi du hasieratik Giza Eskubideen arloan bere Sailaren ardatza esaldi honetan laburbilduta dagoela: “Giza Eskubide guztiak guztiontzat”.

Eta horren haritik, Justizia sailburuak gaineratu du: “Beti uste izan dugu ez dagoela Giza Eskubideak zatika, edo norbere interesen arabera, ikusterik. Bizitzeko eskubidea eskubide guztien oinarri eta abiapuntutzat hartuta, gainerakoen artean ezin da hierarkiarik jarri. Eskubide bat urratzea inoiz ez da izango beste bat ez betetzeko justifikazioa”.

Halaber, aurreratu du Sailaren Egiturari buruzko Dekretu berriak bereizi egingo dituela Giza Eskubideen Zuzendaritza eta Zigor Betearazpeneko Zuzendaritza, orain arte zuzendaritza bakar bat osatzen baitzuten.

Antolaketa berri horren helburuetako bat, hain zuzen ere, Giza Eskubideen Zuzendaritza indartzea da. Eta hori azaldu ondoren, datozen lau urteotan horrek izango duen jarduera-plana azaldu du.

KONTZIENTZIAK MUGIARAZI

Giza Eskubideen eta bakearen kultura sustatzea lan beharrezkoa da beti; izan ere, mezuak errepikatzea tresna egokia da herritarren sentsibilizazioa sendotzeko.

Giza Eskubideen arloan herritarren sentsibilizazioa areagotzeko neurriak:

- Publizitate kanpainak egitea Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren inguruan
- Eguberriko Haur Parkean eta antzeko ospakizunetan parte hartzea
- Giza Eskubideen René Cassin saria ematea.

BAKERAKO ESKUBIDEA

Giza Eskubideen gaia ere mundu mailako arazoa da. Hori dela eta, nazioarteko ekintzek gero eta garrantzi handiagoa dute.

Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko nazioarteko ekimenak bultzatuko ditu Sailak. Horren ildotik, bi ekimen aipatu ditzakegu: batetik, Bakerako Giza Eskubidearen aldeko Nazioarteko Biltzarraren lanei jarraipena ematea eta, bestetik, Gatazkak Prebenitzeko Europako Sareari sostengua eskaintzea

LANKIDETZA eta AZTERLANAK

Beharrezkoa iritzi diogu elkarlanerako bideak eratzeari Giza Eskubideen nazioarteko erakundeekin, hala nola, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Goi Komisarioarekin, eta beharrezkoa iruditu zaigu, baita ere, Giza Eskubideen azterketa teorikoan sakontzea.

Sail honek Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Biltzarra antolatu nahi du, berriro, 2006an, bi urtez behin jarraipena emateko asmoarekin.

BAKERAKO HEZKUNTZA

Bake eta Bizikidetzarako Hezkuntzaren aldeko programak eta ekintzak bultzatu eta garatuko ditugu, sei oinarrirekin:

- Sustapen politikak eta diru-laguntza programak koordinatzea
- Programa esperimental bat eratzea bigarren hezkuntzako ikastetxe batean
- Lankidetza hitzarmen bat sinatzea EITBrekin
- Elkarteen Foroari laguntzea
- Jardunaldiak eta mintegiak antolatzea
- Eta bakerako hezkuntzak duen egoerari buruzko azterlana eguneratzea

JAZARPEN BIOLENTZIAREN AURKA

Era berean, Jazarpen-biolentziak eragindako arazoei jarraipen espezifikoa egiteko asmoa dauka Sailak. Hala, Giza Eskubideen Zuzendaritzak, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin lankidetzan, gobernuak gai horren gainean eskumeneko dituen erabaki guztiak bultzatuko eta koordinatuko ditu. Erabaki horiek terrorismoaren biktimei laguntzeko legebiltzar honek hartutako ebazpenen akordioetan daude jasota.

Udalekiko elkarlanean jarraituko dugu, oraindik ETAren terrorismoaren mehatxu eta estortsioaren pean bizi direnei laguntza eta elkartasuna eskaintzeko.

DIRU-LAGUNTZEI BURUZKO POLITIKA

Giza eskubideak eta bakea sustatzeko diru-laguntzak jasotzen dituzten programak eta jarduerak ebaluatu nahi ditugu, balorazio eta banaketa irizpideak hobetzeko, eta Administraziotik detektatu diren beharretara bideratzeko, Jaurlaritzako beste Sailekin koordinaturik.

OROIMEN HISTORIKOA

Gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoari ere eutsiko diogu.

Horretarako, azken urteotan Aranzadi Zientzia Elkartearekin izandako lankidetza-hitzarmenaren bidez garatu diren lanak amaitu nahi ditugu.

ESKUBIDE URRATZEAK

Gure helburua da, halaber, Giza Eskubideen urratze kasu zehatzen jarraipen berezia egitea, horren inguruko zerbait egitea gure esku dagoen kasuetan.

LANKIDETZA

Lehentasuna izango da, bestalde, Giza Eskubideen arloetan beste Sailekin lankidetzan aritzea.

Laburbilduz,

“Giza Eskubide guztiak guztiontzat” babestu behar diren kasu guztietan lan egiteko prest gaude. Hori da gure konpromisoa, bai Sailarena, bai Jaurlaritzarena.

Kontzientziak mugiaraziko ditugu, dibulgazioaren eta sentsibilizazioaren bitartez.

Bakerako Giza Eskubideari buruzko nazioarteko topaketa egingo dugu urte amaieran.

Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Biltzarra antolatuko dugu 2006. urterako.

Lanean ari gara Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoarekin hitzarmen bat sinatzeko.

Bakerako Hezkuntzarako programa esperimental baten diseinua amaitzen ari gara.

Azkenik, Oroimen Historikoa berreskuratzeko egitasmoak burutuko ditugu; eta horrela, indarkeriaz kendu zietenei duintasuna itzuliko diegu.

Jatorria: Joseba Azkarraga