EAk Jaurlaritzaren egitasmoa babestuko duela baina proposamen propioa ere defendituko duela dio Azkarragak Ajuria Eneko jauregira Juan Jose Ibarretxerekin bilera egitera joan aurretik erantzun zien Berriaren galderei Joseba Azkarragak, ostiral goizean.

Has gaitezen Ibarretxe planarekin…

Gobernuaren planarekin.

Zer moduz doaz proposamena hitzartzeko lanak?

Negoziazio prozesuan gaude, testu horrek jasotzea garrantzitsua iruditzen zaigun hori ea jasotzen duen ikusten. Hiru alderdien proposamenak bat egiteak zailtasunak ditu, baina ahalegina egin behar da. Guk ahalegin hori egingo dugu, baina muga batekin: ikusten badugu ez dituela gutxienekoak jasotzen, orduan ez gara hor izango, eta lasaitasun guztiarekin esango dugu. Baina badut irudipena, eta batez ere desioa, hori ez dela gertatuko. Akordioa egongo da, eta hilaren 26tik aurrera testu artikulatua osatuz joatea posible izango da.

Oraindik ez zarete testu artikulatua negoziatzen hasi?

Orain, duela urtebete aurkeztutako oinarrien garapenaz ari gara eztabaidatzen. Artikulatuaz irailaren 26tik aurrera eztabaidatuko dugu, urrira edo arazora arte. Negoziazio hori konplexuagoa izango da: letra txikia, transferentzien kontzeptua, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa, euskal botere judiziala… Arlo batzuetan bat gatoz, eta beste batzuetan, ez.

Orain arte pozik zaudete lehendakariak EAren proposamenei egin dien harrerarekin?

Orain bizpahiru egun neuk egin nizkion proposamen batzuk nola egokitzen diren ikusteko gaude. Orokorrean, uste dut jaso ahal izango direla gure gutxieneko proposamenak.

Zein dira gutxieneko horiek?

Subiranotasunaren kontzeptua, erabakitzeko ahalmen gisa ulertua, funtsezkoa da. Gero, beste gai jakin batzuk daude: lan harremanen esparru autonomoa, botere judizial autonomoa…

Lantzen ari zareten dokumentuan Justizia arloari buruz proposatu ahal izango duzuenarekin gustura zaude?

Guk egin ditugun proposamenekin bai, noski. Baina ikusi beharko dugu azkenean zein gauzatzen diren. Orokorrean adostasuna dagoela uste dut. Ez gara ari botere judizial independenteari buruz, autonomoari buruz baizik. Instantzia judizialak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan hasi eta bukatuko lirateke gure proposamenean. Hemen bi botere baldin badaude, eragilea eta legegilea, hirugarren boterea falta zaigu, judiziala.

Gizarte eta lan arloko eskumenei buruzko proposamenak ez du ematen Justiziakoak bezain ausarta. ELAk kritikatu berri du Estatuaren menpe uzten direla.

Ondo legoke ELAk analisiak eta kritikak ez egitea Abc-k argitaratzen duenaren arabera. Ez da oso oinarri ona.

Filtratutako zirriborroak zioenaren desberdina izango da arlo horretan proposatuko duzuena, orduan?

EAren jarrera argia da. Ahalegina egin behar dugu lan harremanen esparru autonomo bat lortzeko, eta Gizarte Segurantzaren arloan erregimen autonomikoa defenditu behar dugu, hala defenditzen baita Estatutuan bertan ere. Hori jaso behar da testu horretan, EAren ikuspegitik. Hori esanda, garbi utzi nahi dut EAk ere baduela bere testu artikulatua, dagoeneko prest. Ez dugu orain plazaratu, aurrez gobernukideen arteko negoziazio hau egotea nahi dugulako, baina EAren borondatea da gure testu artikulatua ere ezagutaraztea, nahiz eta funtsean defendatu nahi dugun testua Jaurlaritzan hitzartuko dena izan.

Noiz emango duzue EAren proposamenaren berri?

Hilaren 26ko eztabaida buka dadin itxarongo dugu, negoziazio prozesua has dadila Gobernuaren artikulatuari buruz, eta joango gara jakinarazten zein den gure gure testu artikulatuak jasotzen duen jarrera.

Ezker Batuak proposamen propioa defendatuko zuela esan zuenean, kritikatu egin zenuen.

Gaizki ulertu zen, edo gaizki azaldu nuen. Denoi zaigu zilegi nork bere proposamena aurkeztea. Alderdi abertzalea gara, independentista, baina jabetzen gara euskal gizarte osoarentzako testu bat egiten ari bagara gu bezala pentsatzen ez duten indar politiko batzuen ahaleginekin bat egin behar dugula. Ezker Batuak, EAk eta EAJk euren egitasmo propioa aurkezteko eskubide osoa edukitzea funtsezkoa da.

Baina behin hitzartutako lege egitasmoa Legebiltzarrera eramanez gero, EAk Jaurlaritzaren egitasmoa baino ez du defendituko, ezta?

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa asetzen gaituen egitasmoa bada eta konfiantza osoa dut egitasmo on hori lortuko dugula, proiektu hori sustengatuko dugu, noski. Baina gure ustez inolako aurrerabiderik ez dakarten osagaiak baldin badaude, gure jarrera zein den jakinaraziko dugu, baita Legebiltzarrean ere.

Legebiltzarreko eztabaida 2004 bukaera arte luzatzea espero al duzue Jaurlaritzan?

Epeei buruzko erabakiak Legebiltzarreko Mahaiari dagozkio, ez Jaurlaritzari. Nire iritziz, hau lege egitasmo arrunt bat ez denez, urte askotarako egitasmo bati buruz ari garenez, eztabaida bereizia behar du. Eztabaida lasaia eta irekia behar da, eta horrek esan nahi badu zortzi hilabete do urtebete iraungo duela, ongi etor dadila, bukaera ona baldin badu herriarentzat.

Gehiengoaren babesa lortzeko zailtasunagatik eztabaida mantsotzeko asmoa dagoela esan izan da, ezker abertzalean edo alderdi sozialistan jarrera aldaketak gerta daitezen denbora emateko.

Egia da gaur egun, edozein testu aurkeztuta ere, atzera botako litzatekeela. Jarrerak aurrez daude hartuta. Jaurlaritzan ez dago borondaterik eztabaida hau estrategikoki atzeratzeko, baina Jaurlaritzak denbora eman nahi du eztabaida ahalik eta zabalen egin dadin. Gurea bezalako herri batean, urte batek askorako ematen du. Nork esango digu batzuen eta besteen jarrera politikoak ez direla aldatuz joango?

Oposizioko alderdiek jarrera aldatu zain egongo zarete, edo Jaurlaritzako alderdiek zerbait egingo duzue oposizioko indarretara hurbiltzeko?

Espero dugu eztabaida bera jarrerak zehaztuz joatea. Rodriguez Zapaterok berak eskatu berri du erkidegoek autonomia handiagoa izatea Justiziaren arloan. Horrek ez dauka zer ikusirik duela 15 egun esaten zuenarekin, edo PSE-EEko kideek esaten dutenarekin.

EAn esana duzue PSE-EErekin baino nahiago duzuela adostasuna ezker abertzalearekin lortu.

Ez dut ezkutatzen ideologikoki beti egongo garela hurbilago subiranotasunaren aldeko jarrerekin. Kontua da ezker abertzaletik amildegi ikaragarriak bereizten gaituela: ETAren jokabidearen inguruan isiltasun horrekin jarraitzen duen bitartean, oso zaila da elkarlanerako akordiorik lortzea. Baina ideologiaren ikuspegitik, beti egongo gara ezker abertzaletik hurbilago, PSE-EEtik eta PPtik baino.

Zuen egitasmoak hemen gehiengoa lortuta ere, ez du ematen Madrilen jarrera irekia izango duenik. Auzitegi Goreneko presidentearen azken adierazpenak horren erakusgarri.

Zer konfiantza eduki dezakegu CGPJko presidentearengan, testu hori lantzen ari garenoi mehatxu egiteko gauza baldin bada, testu horrek zer esango duen jakin gabe ere? Hori da herri honetan Justizia gidatzen duen gizona? Justiziarentzat arriskutsua da gizon hori. Inor ez dadila harritu euskal botere judiziala aldarrikatzen ari bagara.

Legeak aldatzeko asmoen aurrean geldirik ez direla geratuko esaten ari direnean, zer ohartarazten ari dira?

Eztabaida politikoari beldur diote. Ideien kriminalizazioa bultzatzen ari dira. Eta salatu beharra dut, argi eta garbi, PPko gune horri alderdi politikoen jardunak enbarazu egiten dietela. Oso zaila da ulertzen sistema demokratiko batean, baina daukaguna daukagu. Honek iraun egingo duela uste dut, eta areagotzen joango dela gainera.

Jaurlaritzan hitz egin al duzue Estatuak egin dezakeen blokeoari eman beharreko erantzunaz?

Alderdi bakoitzak bere jarrera eduki dezake. Eusko Alkartasunaren jarrera da eztabaida hori Espainiako Parlamentura eraman aurretik euskal gizarteari zer iritzi duen galdetu behar zaiola. Horrela, Espainiako Parlamentuko gehiengoak euskal gizartearen gehiengoak onartutako testu bati emango lioke ezezkoa.

Ibarretxe Espainiako erret etxera Konstituzioari buruzko ekitaldi batera joan izana zer moduz hartu duzue EAn?

Estatuarekin harremanak normalduz irtenbideak bilatzeko beharra nabarmentzeko ahalegin gisa ulertzen bada keinu hori, normala iruditzen zait. Bere erabakia izan da. Baina uste dut ez duela balio izango.

—————————————————————-

«BATEN BATEK ASKI DELA ESAN BEHARKO DIO NOIZBAIT GARZONI»

Azken gertaerek elkarrizketaren beharra nabarmentzera eramaten dute Azkarraga.

Herrerakoa zer da zuretzat, irtenbide bila lanean jarraitzeko akuilu edo etsipenerako arrazoi?

Inor gauza denean Ertzaintzaren patruila bati hots egin eta hiltzeko asmoz zain egoteko, eskema guztiak hausten zaizkizu. Baina ezin dituzu besoak gurutzatu. Irtenbidea bilatu behar da, batez ere elkarrizketa bideetan sakontzen. Erabat gaitzesten ditut atentatu terrorista horiek, hilketa horiek, baina, aldi berean, gazte horren heriotza deitoratzen dut. ETAren aurkako jardunak bide polizial eta judizialetik joan behar du, baina gatazkaren konponbideak politikoa izan behar du.

Eskopetarekin zain daukazunarekin ezin dela negoziatu esan du Balzak.

Bat nator ezin dela politikoki negoziatu horretarako borondatea duela erakusten ez duenarekin. Hitz egin behar da hitz egin nahi duenarekin. Eta esperantza daukat ezker abertzalearen barruan urratsak egingo dituztela bide horretan.

Gertatutakoari buruz zalantzarik bai? Gertaerak argitzeko eskatu dute senide eta lagunek.

Zalantzarik baldin badago, eskubide guztia dute argibideak eskatzeko. Nik, egia esan, ez daukat zalantzarik.

EAEko Auzitegi Nagusiak legezko iritzi zion manifestazio bat antolatzeagatik hiru lagun espetxeratu ditu Garzonek.

Egoera hau jasaten dutenak hiru espetxeratuak baldin badira ere, erasoa EAEko Auzitegi Nagusiaren aurkakoa da. Garzoni baten baten noizbait esan beharko dio aski dela. Osama Bin Laden auzipetu du, Saddan Hussein auzipetu nahi du, eta esan didate Manolete hil zuen zezenaren ganadutegiaren oinordekoen bila dabilela…

Baina nork esan behar dio aski dela?

Gaur egun inork ez. Ikusita CGPJren buruzagitzan nor dagoen, nahiko lan horrek ezer egiteko. Ikusiko dugu ea hauteskunde orokorrek posible egiten duten aldatu behar diren gauza asko aldatzea.

—————————————–
EA-REN BILTZARRA

Indarrak batzeko borondatea

Eusko Alkatasunak datorren azaroaren 22an eta 23an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen biltzarrean «alderdi barruko sentsibilitate guztiek indarrak batzeko ahalegina» egingo dutela espero du Joseba Azkarragak. «Zuzendaritza nazionala, presidentea eta idazkari nagusia buru direla, hori egiteko prest daude, eta uste dut orain arte jarrera kritikoak izan dituztenak ere prest daudela».

Biltzarrean onartu beharreko txosten politikoa lantzen ari dira dagoeneko EAko zuzendaritzan, eta «alderdi osoak bere egiteko modukoa» dela uste du: «Desadostasune-tarako tarte gutxi uzten du».

Txosten politikoari ematen dio lehentasuna Azkarragak, baina alde guztiak gustora uzteko moduko zuzendaritza hautatzeak ere lanak emango dituela badaki: «Irizpide politiko nagusietan akordioa baldin badago, hurrengo ahalegina zuzendaritza organoak osatzea izango da, alderdiko sentsibilitate guztiek bat egiteko moduan, eta horretarako borondatea badago». Zuzendaritzan lehengo taldeak jarraitzearen aldekoa da, baina jende berria ere sartuz. «Oreka bilatu beharko da lau urteotan lan ona egin duen zuzendaritzari eustearen eta jende berria sartzearen artean».

Jatorria: Joseba Azkarraga