Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua
Nahitaezko soldadutzaren akabera gizartearen lorpen baketsuaren adibide paradigmatikoa
dugu. Kontzientzia-eragozpenaren aldeko mugimenduetan murgildutako hamaika gazteren
lan nekaezinak eta guztiontzat -eta are gehiago sufritu dutenentzat- anakronismo
bat zenaren aurka etengabe egindako salaketak bere fruitua eman dute. Gazte
horien jarrera eta uste sendoek agerian utzi zuten gizartearen eta legearen
arteko dibortzioa. Auzitara eraman zituzten, eta gizartean errotu diren ideien
defentsaren ordainetan, kartzela eta inhabilitazio zigorrak sufritu zituzten;
alabaina, politikak ez du saritu gizartearen lorpen hori merezi duen eran.

Joan den abenduaren 31n, gutun bana bidali nien Justizia eta Defentsa ministroei
ordurako sortutako lege-hutsunea zela eta nik eta Eusko Jaurlaritza osoak daukagun
kezka adierazteko. Izan ere, ordurako ‘soldadutza’ ez zen nahitaezkoa
eta botere politikoak ez zituen erabakita ez neurririk ezta erreformarik ere,
batetik, kartzelatutako zazpi gazteen kalbarioa amaitzeko eta, bestetik, konponbide
demokratikoa emateko hala inhabilitazioei nola intsumisoen aurka egiteke dauden
4.700 prozesuei.
Aurreikuspen-falta hori konpondu egin da, baina
erdipurdi. Joan den ostiralean, otsailak 1, Ministro Kontseiluak intsumisio
eta desertzioari buruzko delituak kendu zituen Kode Penaletik eta Militarren
Kode Penaletik, atzera eraginaz. Hogeita lau ordu eskas pasatuak ziren, ordea,
Huescako fiskaltzak 23 urteko bi gazte intsumisorentzat jendaurreko bistan bost
urteko inhabilitazioa eskatu zuenetik. Estatuaren gobernuaren erabakia, berriro
ere, berandu eta hankamotz.
Angel Acebes Justizia ministroak berak berretsi
zuen gobernuaren erabakia: kartzelan dauden zazpi gazteentzako (erdiak euskaldunak
dira) indultuak onartzeko prest dago, baldin eta beroiek eskatzen badute. Begi-bistakoa
da jokabide okerra dela. Gobernuak badaki intsumiso batek ere ez duela barkamenezko
neurrik eskatuko, haien jokabidearen filosofiaren kontra joatea bailitzateke.
Gazte horiek ez dute inolako deliturik egin, beraz, ez dute zertan barkamenik
eskaturik. Gobernuak ondotxo asko daki badaudela bideak gazteok barkamen-eskea
egin barik kartzelatik berehala ateratzeko. Eta horixe egin behar izan zuen,
abenduaren 31n bertan, herritarren garaipen baten aitorpen gisa.

Bestetik, oso onuragarria litzateke ere, Botere Beterazleak zein Legegileak
aitortuko balute Kontzientzia Eragozpen Mugimenduarekiko zorra. Hogei urte baino
gehiago baitarama gizarte-talde itzel horrek bide zeharo baketsu eta demokratikoen
bitartez ideia batzuen defentsa irmoan. Ezin da ahaztu 1995ean Kongresuko eta
Senatuko kide gehienek bide eman ziotela Demokraziaren Kode Penala deitutakoari
intsumisoei kartzelaz zigortzeko eta ordezko gizarte-prestazioari uko egiten
zutenei inhabilitazioaz, ‘heriotza zibilaz’.
Inork ez zuen garai hartan gizartearen benetako
interesekin bat egiten zuen mugimenduaren indarra aintzakotzat hartu. Inork
ez zuen aurreikusi urte batzuk geroago soldadutza desagertuko zela. Eta orain
pentsa dezakegu ejertzitoen akaberan? Ez al dugu ezbaia ildo horretan urratu
behar? Nire ustez, lehenbailehen ekin behar diogu. Ez dut uste amets hutsala
denik, eta, nolanahi ere, ez diot utopiari uko egin nahi.
Badakit, bai, interes ugari daudela horren aurka.
Ez dut uste ezbai hori aise onartuko dutenik, armagintzak mila milioi gehiegi
darabil, eta boterea eskuratzeko grinak euskarri irmoa du armen kontrolean.
Militarren gastuak gero eta handiagoak dira, eta ez Estatu Batuetan soilik,
Estatu espainolean ere nabarmen areagotu dira. Konbentzituta nago ez dagoela
herri baten aurrerapena baloratzerik gero eta sofistikatuagoa den armamentuaren
kalitatearen arabera, baizik eta bere herritarrei albait askatasun, ongizate
eta elkartasun handien eskaintzeko duen gaitasunaren arabera. Espainia oso urruti
dago Europako batez besteko gizarte?gastuetatik; aitzitik, militarren gastuak
etengabe gehitzen ari dira bertan.
Hori gertatzen den bitartean, José María
Aznar Europan barna dabil eta Estatu Batuetan agerraldiak eginez -gero eta irrigarriago-
bere ejertzitoa edozein gerratan parte hartzeko eskainiz, George Bush-ek ‘oparia’
errefusatu badio ere. Espainiako presidenteari ahaztu zaio, ordea, beste herri
batzuei laranjak edo meloiak balira bezala eskaintzen dien ejertzito horren
mantenuak itzel murrizten dituela gizarte-gastuak, pobreziaren atarian dauden
milioika herritarrei zuzendu beharreko gastuak, hain zuzen.
Jatorria: Eusko Alkartasuna