– Zein izan dira urte honetako egoera beltzenak?

- Indarkeriak jarraitzeaz gain, autogobernuaren
etengabeko hondatzea izan da aurtengo egoera beltzenetakoa. Autogobernuak ez
du aurrera egin, alderantziz. Egoera horrekin batera, Espainiako Gobernuaren
eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak ere hondatze prozesu bidetik abiatu
dira nabarmen, bai hauteskundeen aurretik, bai ostean ere. Desadostasun sakonak
daude funtsezko arazoei aurre egiteko erari buruz. Administrazioen arteko harremanek,
orain ez bezala, bizikidetasun politikoaren ereduak indartu behar dituzte.
- Eta argirik ikusi al da? Positibotzat jo
daitekeen ekimenik?
- Maitzaren 13ko hauteskundeen emaitzak izan
dira positiboenak, ez bakarrik ikuspegi politikotik hartuta, euskal gizartearen
heldutasuna argi eta garbi adierazi dutelako baizik. Erantzun herrikoi sendoa
eman zion gizarteak zenbaitek deabrutzat jo zuen abertzaletasunaren aurkako
jarrerari. Abertzaletasuna ideologia demokratikoa dela onartzea kostatzen zaio
askori, eta jarrera horren eraginez, alderdien arteko aurkakotasuna hedatzen
joan da gure artean urteotan. Azken egun hauetan Eusko Legebiltzarrean gertatzen
ari dena -oposizioaren boikotaren eraginez aurrekontuei buruzko osoko bilkurak
ezin eginak, alegia- ikustea besterik ez dago.
- Zein dira eginkizun premiazkoenak urte berrirako?
- Autogobernua indartzea eta garatzea ezinbesteko
jotzen dut gizarte honek aurrera egiten jarraitzeko. Alderdi politikoei dagokienez,
demokratikoki garbi jokatzea, besteren ideiak onartzea eta indarkeriaren aurka
tinko azaltzea eskatuko nieke. Ados nago indarkeriaren aurkako indarrak batu
beharrarekin, baina ez dezatela jarrera bateratzaile hori erabili helburuak
eta bitartekoak nahasteko. ETAren aurka egiteko era askotako neurriak hartu
behar dira, ez bakarrik neurri polizialak.

zabalik.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna