JUANJO AGIRREZABALA Euskaltelen Jaurlaritzaren operazioa babesteko Legebiltzarrean abuztua gaitzearen aurka azaldu da Juanjo Agirrezabala. Konpainiaren gaineko kontrol publikoa ahalbidetzearen garrantzia azpimarratu du.

Juanjo Agirrezabala Eusko Jaurlaritzak Euskaltelen dituen akzioak saltzeko operazioaren aurka azaldu da eta, ondorioz, operazio hori ahalbidetzeko Legebiltzarra abuztuan gaitzearen kontra egin du Bozeramaileen Batzordean. EAko legebiltzarkideak Jaurlaritzak proposatutako salmenta horren aurkako alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du.

Telekomunikazio operadoran duen parte-hartzea %5aren azpitik uzteko Jaurlaritzaren asmoa kritikatu du Agirrezabalak, “batetik, horrek ondare publikoa galtzea dakarrelako eta, bestetik, modu horretan Gobernuak konpainiaren jardueraren gaineko kontrola eta tutoretza izateari uko egiten diolako”.

Ildo horri jarraituz, Agirrezabalak gogorarazi du Kutxabankek ere Euskaltelen dituen akzioen erdia saldu nahi duela. “Horrekin eta Jaurlaritzaren operazioarekin Euskaltelen erabakiguneak Euskal Herritik kanpo geratzeko arriskua agerikoa” dela uste du EAkoak. “Konpainiak erabaki estrategikoak Euskal Herritik at hartzen baldin baditu, ez ditu euskal gizartearen interesak aintzat hartuko, eta gure herriak bere ongizatearekin eta garapen ekonomikoarekin konpromisoa duen enpresa bat galduko luke”, ohartarazi du Agirrezabalak.

Jaurlaritzaren proposamena babestu duten EAJ, PSE eta PP ez bezala, EAko legebiltzarkidea Gobernuak Euskaltelen duen pisuari eustearen alde agertu da eta beste agertoki baten beharra aldarrikatu du, zerbitzu publikoa bermatu eta operadoraren gaineko kontrol publikoa ahalbidetzeko.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA