“Iruzur fiskalaren aurkako borroka zerbitzu publiko eta gizarte aurreratu eta kohesionatuaren garapenaren aldeko borroka” dela adierazi du Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak. Era berean, iruzurra saihestu, antzeman eta prebenitzeko tresnak eskatu ditu. Gai horretan aurrerapausoak eman direla onartu du legebiltzarkideak, baina hobetzeko tartea badagoela azpimarratuz, “iruzurra oraindik egon badago eta”.
Elkarrekin Podemosek iruzur fiskalari buruz aurkeztutako mozioan eztabaidan parte hartu du Pinedok, eta horrek gizarte osoari eragiten diola azpimarratu du, “pertsona bakoitzari; batzuek ematen ez dutena da, hain zuzen, gero guztioi falta zaiguna politika publikoak egin ahal izateko, osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan edo garapen ekonomikoan”.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak tresna guztiak izan behar ditu, “egiten den iruzurra detektatu ez ezik, hori prebenitu eta saihestu ere egin ahal izateko”. Iruzur fiskalaren aurkako borrokak, gainera, egiten den testuinguru eta gehien sufritzen duten jarduerei buruzko informazioa jasotzea eskatzen du; gehien erabiltzen diren bideak eta metodoak: iruzurraren ibilbidea, azken batean.
“Zerga politika ausartak aukera emango lioke gizarteari, epe ertain eta luzera, gizarte gaietako politika publikoak eta garapen ekonomikokoa aktibatzeko, kontuan hartuta iruzurraren aurkako neurriak politika fiskalaren zati garrantzitsua direla”, adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, ordezkari politikoek ez ezik Ogasuneko ikuskatzaileek ere neurriak eskatzen dituztela azalduz.
IMG-20210222-WA0008