Iparraldetik jotzen du azken bizpahiru urteetan Euskal Herriko egoera politikoaren aldaketaren haizea. Eta esan genezake, itxaropena ere bai. Alderdi eta ordezkari politikoek interes orokorra alderdikeriaren gainetik jartzen jakin dutela erakutsi du Iparraldeko hiru herrialdeetan erakunde propioa sortzeko aldarrikapenaren inguruan eman den adostasunak. Estatu mailako alderdiek frantses jakobinismoaren gainetik pasa dira gai honetan.
Luhusoko atxiloketen ondoren Lapurdi, Zubero eta Nafarroa Beherako gizarteak izan duen erreakzioa ere alderdikerien gainetik zintzotasun eta zentzutasun politikoaren eredua izan da. Gendarmeria eta Guardia Zibilaren artean ETAren armagabetze saiakera baten kontra egindako operazioak espero zitekeen sorpresa sortu du.
Hegoalden ere estatu mailako alderdiek azken urteetako inertzian jarraitzen dute, baina tamalez ez du iparraldeko beren neba-arrebenarekin zer ikusi handiegirik.
Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak –eta hori gehiengo soziala ere bada- neurria eman du oraingoan, gatazka politikoen historian ezagutu ez den egoerari erantzunez. Egoera patetikoa izateko bidean dago gainera. Gehiengoa ordezkatzen duten indarren erantzun bateratuak anekdota izan du: Podemos Euskadik ez du parte hartu eta Podemos Nafarroak berriz, bai. EAEko Podemosek PSOEk ere bere egin ditzakeen arrazoiak bota ditu ez egoteko eta tamalez, bakea eta elkarbizitza mailan bere ekarpena anekdotikoa izango denaren sentsazioa baieztatu du.
ETAren ekimen armatuaren amaiera Euskal Herrian bakea eraikitzeko beharrezkoa zen lehen pausoa izan da. Halere, erakundeak biolentziari uko egin izana –ezinbestekoa den arren- ez da nahikoa behin betiko bakea lortzeko. Etorkizuneko elkarbizitza eta normalizazio politikoa eraikitzeke dago eta hori egitea zaila da, oraindik armak zuloetan zulo eta presoak kartzeletan daudenean.
Eusko Alkartasunak beti defendatu du elkarrizketa politikoa nahitaezkoa dela gatazka politikoa konpontzeko. Orain elkarrizketa gatazkaren ondorioak konponduko dituen negoziazio teknikoarekin uztartu behar da. Gobernuek ardurak hartzen ez dituztenean, gizarte zibilak hartzen ditu, Luhusoko atxilotuekin gertatu bezala.
Estatuak, eta hein batean ETA ere, kontakizunaren gudan sartuta daude, beraien interesentzako komenigarria dena antzezten dute eta, bitartean, gizarte zibilak egoeraren ardura hartu du, konponbidea bilatzeko. Gizartearen nahia praktikoagoa da: ETAren armagabetze eta desagerpena, biolentziarako lekurik ez duen elkarbizitza eraikitzea, eta politikak normalizazioaren afera irabaztea. Jarrera hori du gizartearen gehiengoak, eta jarrera horretan oinarriturik gehiengo politiko eta sindikalak etorkizuneko akordioak lortu behar ditu.
Eusko Alkartasunak gatazka politikoa konponduko duen elkarrizketa politikoaren alde egin du beti, baina argi dago momentu honetan eztabaida armagabetzea, ETAren deuseztatzea eta presoen afera konponduko dela bermatuko dituen negoziazio teknikoarekin uztartu behar dela –abantaila bezala, ETAk behin eta berriro adierazi du armagabetzeko duen borondatea-.
Iparraldeko adostasun maila eredugarria izan da eta argi utzi digu presazkoa eta beharrezkoa den lana egiteko alderdien konpromisoa beharrezkoa dela, baita instituzioena ere.