Andoni Iturzaeta. Gazte Abertzaleaken Idazkari nagusia 23 urteko tolosar
honek hartu berri du EAko gazteen ardura nagusia, Martin Aranburu ordezkatuz.
«Abertzaletasun instituzional» horren barruan kokatzen bada ere,
esparru hori ere astintzeko gogoz mintzo da Andoni Iturzaeta, ezker abertzalean
ohiko den energia erreibindikatzailea atxiki nahi diote eta.
Iruñean
egin berri duzuen batzarretik zer ekarri nabarmenduko zenuke?
Lau ponentzia onartu
ditugu. Tartean da markoa gainditzeko proposamena, demokrazian, justizian eta
errekonozimenduan oinarritua. Hauek aipatzerakoan, nahitaez hizkuntza eskubideez,
soberaniaz eta lurral- detasunaz hitz egin dugu.
­Hauen gainetiko
proposamenak nonahi ari dira sortzen, eta hau ez zen gertatzen duela bost urte.
Zer du berri zuenak?
Gure hausnarketan
herri honetan aniztasuna dagoela eta funtsean hiru identitate daudela ondorioztatu
dugu: estatuekiko atxikimendua duena; euskal identitatea, lurraldetasunaren
eta osotasunaren zentzu horretan ikusia; eta bi horien tartekoa. Oraingo markoak
ez du errekonozitzen identitate horietatik bat; gurea, hain zuzen ere. Eta hori
gainditu behar dugu, gatazka politikoa hortik sortzen delako eta proiektu guztiek
ez dituztelako aurrera egiteko aukera berdinak izaten. Errekonozimendu hori
egiten duen marko politiko berriak gatazkaren gainditzea ekarriko luke.
­Gazte independentistentzako
erreferente bilakatzeko asmoa duzue. Nola lortzen da hori?
Esan dezakegu azkeneko
urteetan bi abertzaletasun mota izan direla: batetik, abertzaletasun instituzionala,
nolabait marko honetan eroso sentitu dena eta oso errebindikatiboa izan ez dena.
Bestetik, askotan politikagintzari uko egin dion beste esparru hori dago, errebindikazio
dinamiketan barneratuta ibili dena. Gure ustez, behar-beharrezkoa da biak uztartzea:
lehenik eta behin, abertzaletasun instituzional eroso moderatu horrek lurraldetasunaren
diskurtsoa nolabait ahaztuta utzi duelako, edota askapen nazionalarena ere ez
duelako egunerokoan erabili; eta, beste abertzaletasun motari dagokionez, gizarteak
ez duelako onartzen orain arteko aktibismo politiko horrek izan dezakeen ekintza
bortitzekiko epeltasuna. Instituzioetako lanari aktibismo politiko errebindikatzailea
gehitu nahiko genioke. Gainera, ikusten dugu gu kokatzen garen abertzaletasun
instituzional horren barnean desmobilizazioa gertatu dela, eta honi erantzuna
eman nahi diogu.
­Aipatu
duzun abertzaletasun instituzional horretatik batzuetan «independentzia»
aldarriak entzun dira, maiatzaren 13an esaterako. Non gelditu dira?
Gure herri honetako
egoera oso zaila da, dagoen enfrentamenduarengatik eta jarrera inmobilistengatik.
Agian instituzioetako bide hori poliki doa, baina ez dugu uste justua denik
errua gobernu horretan dauden alderdiei botatzea. Edozein markotarako proposamenak
nolabaiteko adostasuna behar du, baina ikusten dugu PPk ez duela inondik inora
jarrera aldatzeko asmorik, PSOEk jarraikortasun osoz jokatu duela, eta ezker
abertzalearen jarrerak ere gutxi laguntzen duela.
­Ezker abertzaleko
talde batzuekin elkarlanean hasi da EA, eta EAJrekin lotura organikoa du hainbat
udaletxetan. Norantz jo beharko luke?
Egoera zail batek
horrelako errealitatea ekartzen du. Guk argi daukagu ezin direla bi polo egin:
EAJrena eta ezker abertzalearena, alegia. Abertzale, ezkertzale eta desobedientea
ere izatera hel daitekeen hirugarren espazioa sortzera joan behar dugu.
­Bistan
da Batasuna laster utziko dutela legez kanpo. Zein da zuen hausnarketa honetaz?

Gure analisia irailaren
11tik abiatzen da eta abertzaletasunera iristen da. Biolentzia hor dagoela baina
ez dela ETArena bakarrik esaten dugu, Estatuarena ere badagoela, eta sozialki
onartuagoa dela sotilagoa delako: torturak, dispertsioa, botere judizialaren
politizazio lotsagarria, Segiren ilegalizazioa, Batasunarena… 170.000 biztanle
aukerarik gabe gera daitezkeela onartzen duten horiei galdetu behar diegu ea
nondik aterako den energia hori, isilpean ez delako geldituko, noski.
­Bada hori
Batasunaren mesederako izango dela esaten duenik. Bat al zatoz horrekin?
Ez dut uste inor
legez kanpo uztea inoren mesederako denik. Batasunari ez dio mesede egingo,
eta are gutxiago gure herriari.
­Alderdiek,
sindikatuek eta beste eragileek bake bidean ekarri bateratuak egin dituzte azken
urte hauetan. Gazte erakundeek zergatik ez?
Denok arazo berdinak
ditugu, askotan apatiak eraginda. Guk argi dugu ez gaudela alderdi baten birziklatzea
ziurtatzeko bakarrik, hurrengo belaunaldia izateko, ikuspuntu gazte batetik
proposamenak egiteko baizik. Gure asmoa litzateke besteekin elkartzea gure ekarriaz
hitz egiteko. PPrekin izan ezik, gainerakoekin gauza batzuez iritzi berdintsua
izan dezakegula uste dugu, zintzoki. Egia da harreman gutxi dugula gure artean.
Estatuko beste herrietako erakundeekin eta nazioartekoekin harreman handiagoa
dugu hemengoekin baino, eta horrela aitortu behar dugu, tamalez. –

gara.net

Jatorria: Eusko Alkartasuna