Juanjo Agirrezabala Juanjo Agirrezabalak euskararen garapenean ahalmena duten erakunde guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu du eta nafar Gobernuarekin harremana berreskuratzeko urratsak eskatu dizkio Jaurlaritzari.

Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, aurten egitekoa den Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoan Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea bultzatzeko asmoz. Hasierako inkesta horietan Iruñeko Gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritu ziren, baina harremana 2002az geroztik etenda dago, UPNk hala erabaki zuelako. Orain, ordea, aurten V. Inkesta Soziolinguistikoa egin behar dela kontuan hartuta, EAk bi gobernuen arteko elkarlana berreskuratu nahi du Agirrezabalaren ekimenaren bitartez.

Inkesta Soziolinguistikoak euskarak azkeneko bost urteotan Euskal Herri osoan izan duen garapena neurtzen duela gogorarazi eta gero, lan horretan eskuduntzak dituzten instituzio publikoen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du EAko legebiltzarkideak eta, horren harira, gogora ekarri du Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Baionan berriki sinatutako lankidetza hitzarmena. Horren ildotik Nafarroako Gobernuarekin ere horrelako hitzarmen bat adostu eta sinatzeko urratsak eman ditzala eskatu dio Agirrezabalak Eusko Jaurlaritzari bere proposamenean, “euskararen herrian instituzio guztiek eskutik joan behar dutelako gure hizkuntzaren garapena bultzatu eta bermatzeko eta, beraz, 2002az geroztik Inkesta Soziolinguistikoarekin gertatzen ari dena ulertezina ez ezik, euskararentzat kaltegarria ere badelako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna