Espetxea zapaldu ere egin behar ez zuten ordezkari politikoen askatasuna albiste ona da

Kartzela zapaldu behar ez zuten ordezkari politikoak askatzea albiste ona da ezbairik gabe Eusko Alkartasunaren ustez, eta hori posible egingo duen Estatuko Gobernuaren jarrera aldaketa baloratu behar dela ere uste du. Era berean, hori Kataluniako jendartearen borondatea betetzeko bidean lehen urratsa baino ez dela azpimarratu du alderdi soberanistak -hori bai, zintzoa eta atzera bueltarik gabekoa-, borondatearen  gauzatzea burujabetzaren eskubidearen bidez izango dela zehaztuz.

Indultuak kartzelan dauden ordezkari politikoek merezi duten gutxieneko ordaina dira, baina baita beraiek ordezkatzen duten gizartearentzat ere, eta elkarrizketa-mahaian jarrera arduratsu eta eraikitzailea erakutsiz sendotu behar da. Eusko Alkartasunaren iritziz ez dago zalantzarik bidea Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen gauzatzearekin amaituko dela esateko orduan; dagoeneko Europar Batasunean egin den erreferendumaren bidetik izango dela gaineratuz.

Indultuak eta Madrilgo eta Bartzelonako gobernuen arteko elkarrizketa-mahaia ezinbesteko urratsak dira gutxieneko demokraziaren funtzionamendua eta, beste ezeren gainetik, Kataluniako gizartearen borondatea errespetatzeko helburua lortzeko. Eusko Alkartasunak positibotzat jo du Pedro Sánchezek Kataluniako gatazka elkarrizketa zintzoaren bidez konpontzen saiatzea, horrek “ustez izan ditzakeen koste politikoen gainetik” jarriz: “Arazoak konpontzen laguntzeak ez du kosterik izan behar. Izan ere, horixe da politika, arazoak konpontzen laguntzea, jendartearen borondatea errespetatzea eta ezberdinen arteko errealitate ezberdinak eraikitzea”.

Beste behin ere, azken urteotan besteetan ere gertatu bezala, Kataluniak Euskal Herriari bidea erakutsi dio: elkarbizitza eta errespetutik subiranotasun politikora, elkarrizketaren bidez. Eusko Alkartasunatik behin eta berriro aldarrikatu dugu bide hori eta Euskal Herrian ere errealitate bihurtzeko lanean jarraituko dugu.