‘Independentzia gaurko munduan’ lelopean jardunaldiak egingo ditu EAk hilaren 24an Euskal Herriko independentziari buruzko eztabaida une honetan egitea «egoki» ikusten du Begoña Errazti EAko presidenteak. Bereziki, bi arrazoiengatik ikusten du aproposa eztabaida hori ematea: batetik, herritarren erabaki eskubidea gauzatu aldera EAEko Lehendakariak datorren urterako iragarri duelako herri-galdeketa, eta, bestetik, Europako Batasunean estaturik gabeko nazioen independentziari buruzko eztabaidak «gaurkotasun osoa» duelako .

Hain justu, independentziaren bidea Europan ez ezik, Euskal Herrian ere zabalik dagoela aldarrikatzeko jardunaldiak antolatu ditu EAk hilaren 24an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Independentzia gaurko munduan leloa hartuta burutuko den mintegian Flandes, Montenegro eta Eskoziako ordezkariek euren esperientzien berri emango dute.

Erraztirekin batera, Mikel Irujo EAko eurodiputatuak eman du jardunaldien berri. Irujok azpimarratu du gizarte «modernoetan» ezinbestekoa dela herri bakoitzak «bere ahotsa» izatea, eta, horretarako, Europako Batasunak berak ontzat jotzen duen autodeterminazio eskubidea baliatu behar dela.

Begoña Erraztiren ustez, «zilegia eta demokratikoa» da euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzea «inolako transbertsalitate betorik gabe, eta gehiengoari baldintzarik jarri gabe». EAko presidentearen esanetan, EA independentziarekin «erabat konprometituta» dago, uste duelako independentzia Euskal Herriarentzat «errentagarria» izango dela, euskal herritarren ongizatea hobeto bermatuko duelako.

Jatorria: Begoña Errazti