Martin Aranburu. Legebiltzarkidea eta EAko zuzendaritzako kidea
Munduko gainontzeko zonaldeetan ez bezala, ezinezkoa da Euskal Herriko giro politikoa errutinariotzat jotzea, eta jakina, honezkero, Euskal Herrian, edozein ikasturte politikoan, aldaketa politiko franko ikusi dezakegu.

Aurtengo ikasturte politikoaren garrantzia egunerokotasunak erabakiko duen arren, ukaezina da interesdun elementu asko izango dugula datozen hilabeteetan. Batasunaren aurkako erasoek jarraitu egingo dutela argi dago, besteak beste, alderdi horren legebiltzarkide batek legebiltzarreko debate politiko batean esandakoengatik auziperatua, zigortua, inhabilitatua eta espetxeratua izan daitekeela, jakingai izan baitugu azken egunetan. Bestalde, erkidegoko populazioaren subiranotasunak erabakitakoa ezin onarturik, legebiltzarraren konposaketa aldatzeko intentzioz PPk mekanismo desberdinak jarriko ditu berriz ere martxan, legebiltzarraren funtzionamendua oztopatuz, eta hala, berriz ere hauteskundeak konbokatuak izan daitezen lortu arte. Kontutan hartu beharreko beste elementu bat alderdi desberdinek burutu beharreko biltzar edo diskusio desberdinak: Eusko Alkartasunaren biltzarra, Aralarren estrategi politikoaren eguneratzea eta EAJren baitan presidente denaren aldatzea, besteak beste.

Ezin ahaztu epe ertainean euskal gatazkarekiko eragina izan ditzaketen hauteskunde desberdinak izango ditugula Espainiako Estatuan. Garrantzizkoenak, agian, Espainia mailakoak, non PP eta PSOEren arteko lehia bizia ikusiko dugun. Zintzoa izan behar badut, aitortu behar dut, ez dut uste popularrek boterea galduko dutenik, baina gehiengo sinpleak PP, PSOE eta beste alderdi batzuen arteko akordioen aukera ahalbideratuko balu, tentagarria litzateke Kataluniako eta Euskadiko ordezkari batzuentzat; euskal eskenatoki politikoan izango lituzkeen eraginak ahantzi gabe. Horretaz gain, bistan ditugu ere bai, Europako hauteskundeak, sozialista eta abertzaleen arteko adostasunak suposatu ditzakeen Kataluniako hauteskundeak, euskararen aurkako eraso saiakera gehiago Nafarroako Gobernuaren partetik, eta zer esanik ez, EAEko hirukoak aurkezturiko planaren garapena.

Irailaren 26an egingo du lehendakariak testu artikulatu baten zirriborroaren aurkezpena, aportazio eta debate garaiari abiapuntua emanez, eta ikusteke dago Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi desberdinek hirukoak eginiko planteamenduari emango dioten erantzun parte-hartzailea edo ukatzailea. Hala ere, legebiltzarreko prozeduraren emaitza, bata izan zein bestea, hirukoarentzat testu artikulatu baten inguruko herri kontsultaren helburua tinkoa dirudi.

Nolakoa izango da egoera politikoa ikasturte guzti hau bukatuta? Nire iritziz, kualitatiboki gauza gutxi aldatuko dira aipatu ez dudan beste elementu berri bat gertatu ezean: independentziaren aldeko sektore desberdinen adostasuna. Adostasuna helburuetan eta medioetan. Nora goaz eta nola goaz. Ezinbesteko bi kuestio horietan bat egingo bagenu, gainontzeko elementu guztiak bigarren mailakoak lirateke, eta aurrerantzean, agenda politiko osoak, Euskal Herriarenak eta baita Espainiarenak ere, adostasun horren inguruan egingo luke dantza. Noski, euskaldunek erritmoa markatuta eta soinujolea aukeratuta!

Ez al da ba egia Madrilgo parlamentuan, Katalunian, alderdien kongresuetan eta hauteskunde desberdinetan gerta litekeena huskeria izan daitekeela adostasun nazional berri batek Euskal Herriko mapa politikoa eraldatuko balu? Abertzaletasunaren alde gehiengo berriak eta zabalak lortuko lituzkeen eskenatoki berri batetaz mintzo naiz, eta gainera, Euskal Herri osoan kontutan hartu beharreko elementu garrantzitsua izango litzatekeena. Badakit erraza dela paperean edozer gauza idaztea, baina aspaldidanik argitxo ikusten dut, adostasun nazional horren ezean, herri honek dantza egiten jarraituko duela, beste inork baino hobe ziurrenik, baina, beti ere, espainolek eta frantsesek markatutako erritmoarekin eta aukeratutako soinujolearekin. Zailtasunak zailtasun indartu ditzagun helburutzat adostasun horren bila dabiltzan saiakera desberdinak. Horietako bat izango baita zuzena, erabakigarria eta definitiboa.

Martin Aranburu, EAko zuzendaritzako kidea
Jatorria: Martin Aranburu