Martxoaren 8ko Adierazpena
Gaur, martxoak 8, Eusko Alkartasunako gizon eta emakumeok, genero berdintasunarekin erabat konprometituak gauden heinean, munduan zehar, emakumeen kontra, emakume izate hutsagatik jarduten den bortxakeria salatzen dugu. Eraildako emakumeen zenbatekoa, tratu txarrak eta sexu erasoagatiko salaketak era alarmagarrian gehitzen doaz. Indarkeria ekintza hauek Giza Eskubideen kontrako benetako bortxakeria dira, emakumearen osotasun eta duintasunaren kontrako atentatuak direlako eta beraz gizarte osoaren kontra doazelako.

Hegoaldeko herrialdetan 115 miloi neska eta emakumeei erauzpen genitala egin zaie; Estatu Batuetan 15 segundoan behin emakumeren batek jipoi bat jasaten du; eta Espainiar estatuan, 16 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean heriotza arrazoi nagusia genero indarkeria da, Nazioarteko Amnistia erakundearen azken txostenaren arabera. Hau da, emakumeen kontrako bortxakeria ez da sistema politiko edo ekonomiko zehatz baten gehiegikeria. Munduko gizarte guztietan gertatzen da eta egoera politiko, arraza edo kulturaren araberako desberdintasunik gabe. Planetako edozein puntutan emakumeren batek bortxakeria jasaten du; lan, gizarte edo familia eremuan; tratu txar, sexu eraso edo jazarpen bezala; bere askatasun, duintasun eta bizitzaren kontrako mehatxupean.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen 1997ko ebazpenak eta urte honetako Europar Legebiltzarreko genero indarkeriaren kontrako txostenak, emakumearen kontrako sexu indarkeria ekintzak gaitzesteaz gain; komunitate eta familia eremuko sexu indarkeria ezaba dadila exijitzen dute; gobernuei, emakumearen kontrako indarkeria ekintzak aurrezaintzea eta jazar dezatela exijitzen die; eta biktimek, beraien egoera atonduko duten baliabideak eskura izan ditzatela eta laguntza bereiztua izan dezatela exijitzen dute.

Guzti honengatik, Eusko Alkartasunak ebazpen hauen baliotasuna eta beraien berrespenak duen garrantzia aldarrikatzen du. Zentzu honetan, bai arazoaren larritasunaren konzienziazioan, bai arazoari erantzuna ematerakoan, pauso garrantzitsuak eman direla aitortzen badugu ere, arau, polizia eta zerbitzu eremuetan emaitzak eskasak izaten ari dira, erantzun hauek osotasunezko perspektibarik ez dutelako edo unibertsalak ez direlako. Arrazoi honengatik Eusko Alkartasunak honako hau aldarrikatzen du:

- Emakumearen duintasun, askatasun, osotasun eta bizitzaren kontra mehatxatzen duten indarkeria, jazarpen eta diskriminazio era guztiak gaitzestea.

- Emakume eta gizonezkoen berdintasunaren errespetuan eta oinarrizko eskubide guztien defentsan oinarritutako elkarbizitza baldintza berriak eraikitzeko beharra.

- Gizarteko eremu guztietan emakumeak burututako lan eta egindako ekarkinen balorazioa eta aintzakotza.

- Biktimen oinarrizko eskubideen perspektiba abiapuntu bezala hartuta, etxeko indarkeriaren kontrako ekintzak jasoko dituen lege integral baten beharra.

- Genero indarkeriaren kontrako bulegoa Gobernuaren baitan.

- Ekonomia arloko tratu txarren kontrako neurriak indarrean jartzeko beharra.

- Genero indarkeriagatiko biktimen berezitasunak aintzat hartuko dituen gizarte zerbitzu publikoen sarea.

Guzti honengatik, kargu publikoetan ardurak ditugun Eusko Alkartasunako gizon eta emakumeok, gizartean emakumearen kontrako indarkeria ekiditeko neurriak bultzatu eta ezartzeko konpromisoa hartzen dugu, bere erauzketa lehentasun politiko bat dela deritzogulako.

Planeta honetako hiritarrok mundu hobeago bat merezi dugu, gizon eta emakume guztiak barneratzeko gai dena. Indarkeriarik gabeko mundua posiblea da?.

Jatorria: Eusko Alkartasuna