Iñaki Basaras eta Loren Arkotxa ondarrutarrak omendu ditu EAk ostiralean egindako ekitaldian. Udalgintzan aritutako bi politikari beteranoak hurrengo belaunaldietarako eredu direla nabaritu dute hitza hartu duten Meritxell Elgezabal, Joseba Gezuragak eta Juan Karlos Goienetxeak. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Iker Rahona, EAko Bizkaiko koordinatzaileak emanda ekitaldia eta eskerrona gogoratzeko oroigarria jaso zuten omendutakoek.
Urte luzeetan herriko eta eskualdeko politikagintzan egindako lana eskertu zitzaien Kofradia Zaharrean egindako ekitaldian. “Iñaki Basarasek eta Loren Arkotxak egindakoa oso garrantzitsua izan da, eta omenaldia oso beharrezkoa da. Eskertzekoa da urte guzti hauetan egin duzuen lana eta esfortzua. Zuek egindako lanari esker, beste era batera lan egiten ikasi dugu”, esan zuen Meritxell Elgezabal, EAkideak eta EH Bilduko batzarkideak.
Iñaki Basarasek lehenengo momentutik egin zuen bat EAren proiektuarekin: “Gaur egun ere bere laguntza ezinbestekoa da”, adierazi zuen Elgezabalek. Arkotxaren ibilbide luzea ere gogora ekarri zuen hizlariak, alkate izateaz gain Udalbitzako presidentea ere izan zela eta horregatik kartzelan egon zela gogoratuz. Omenduek hitza hartu zuten eta sinesten duten bidean aurrera egiteko lan egin dutela azpimarratu. Bide horretako hainbat une hartu zituen argazki proiekzioa ikusi eta aurreskua dantzatu zuten dantzariek ekitaldia amaitzeko.