Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak hitz egin du gaur Senatuan, EH Bilduk aurkeztutako eta onartua izan den mozio baten harira. Mozio horren bidez, arrantzaren sektoreko emakume langileen aldeko neurri jakin batzuk hartzeko eskatu dio Gobernuari.

Idurre Bidegurenek azaldu du: “EHBilduk senatuan aurkeztu duen ekimenarekin agerian utzi nahi izan dugu arrantza-sektoreko emakume langileekiko dagoen diskriminazio argia, eta Madrilgo Gobernuari eskatzen diogu diskriminazio horrekin lehenbailehen amai dezala, eta abian jar ditzala lan-arloko eta gizarte-segurantzako neurriak, itsasoaren esparruan lan egiten duten gizonen eta emakumeen arteko parekidetza gauzatzeko.”

“Arrantzaren funtzionamendu egokirako eta sektorerako orokorrean, funtsezko lana da sareginek, paketatzaileek eta neskatilek egiten dutena, baina era berean, lan ikusezina izan da. Egiten ez bada, dena gelditzen da, baina egiten denean gutxik baloratzen dute. Lana dagoen garaian bakarrik lan egiten dute eta orduan bakarrik kobratzen dute. Hori bai ordutegirik gabe lan egiten dute eta disponibilitate osoa eskatzen zaie“, salatu du.

Horregatik guztiagatik, Idurre Bidegurenek azpimarratu du “itsasoan lan egiten duten gizon eta emakumeen arteko parekatzea lortzeko lan egiteko erantzukizuna dugula”. “Beharrezkoa da lan hau aintzat hartzea eta baloratzea, baina ez hitz politekin, neurri zehatzekin baizik. Diskriminazio argi horren aurrean, premiazkoa da arau-esparrua aldatzea”.

“Escrivá ministroak hilaren hasieran egin nion interpelazioan jakinarazi zigun lege-proiektu bat lantzen ari direla neskatila, saregile eta paketatzaileek erretiroaren alorreko onurak eskura ditzaten, eta aste batzuk barru ministroen kontseilura eramango dituztela. Albiste ona da, eta ez dut zalantzan jartzen gobernuaren borondate politikoa, baina legea onartu arte diskriminazio argia ahalbidetzen jarraitzen dugu. Beraz, urgentziaz aktuatzea garrantzitsua da diskriminazio egoera honi erantzuteko”.