Bultzada politiko argia izan duten prozesu judizial ugariren oinarrian egon diren manipulatutako txosten polizialak ikertzeko beharra aldarrikatuko du Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak gaur arratsaldean Fernando Grande Marlasca Justizia ministroaren aurrean.
Euskal Herrian jakina zena, “Guardia Zibilak gezurra esaten zuela eta prozesu judizialetan erabiltzen ziren polizia-txostenak manipulatzen zituela”, azken asteetan baieztatu ostean, zuzenean itaunduko du ministroa EH Bilduko senatariak Senatuko Osoko Bilkuran. Espainiako Gobernua sostengatzen duten alderdiek manipulazioa onartzen duten honetan, kasuak berrikusteko beharra azpimarratuko du Bidegurenek; Izan ere, Euskal Herritik askotan salatu dira “zigor politikoak izan dituzten prozesu judizialak eta txosten polizial faltsuek prozesu eta zigorretan izan duten papera”.
“Txosten faltsuak direla medio bermerik gabeko epaiketa izan dutela salatu duten pertsonek benetako justizia izateko eskubidea dute”, adierazi du Bidegurenek, eta Marlasca ministroari zigorrak ikertzeko eta berrikusteko eskatuko dio: “Ezin dira justizia maila bi onartu”.
Altsasuko gazteen kasua ekarri du gogora Bidegurenek, lekukoek, bideoek eta inplikatuek beraiek gezurtatu dituzten poliziaren txosten faltsuekin; eta baita, aurretik gertatutako batzuk ere, hala nola Egunkaria-ren kasua -absolbituak izan ziren pertsonak kartzelan egon ziren-, Europak bidezkoa izan ez zela Bateragune auzia, edo asmatutako frogak egon ziren Kataluniako CDRena.