Elkarrizketa Maiorga Ramirez-ekin, Nafarroako EAko presidentea

Nafarroa Bai koalizioa gizartean errotua dagoela uste du Maiorga Ramirez EAko Nafarroako presidenteak, eta, herritarrek duten ilusioari erantzuteko abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa dela iritzi dio

Ekinaldi politikoa bukatzear eta Sanferminetarako astebete eskas falta denean, ez dabil lan faltan Maiorga Ramirez. Nafarroako legebiltzarkide, Tafallan zinegotzi, eta, gainera, irakasle oposaketak prestatzen ari da.EAk Legebiltzarrean duen bulegoan erantzun ditu gure galderak.

Nafarroa Baik batzar irekia egin zuen joan den larunbatean Burlatan. EAk, Aralarrek, EAJk eta Batzarrek osatzen duzuen koalizioa gizartean errotzeko premiari garrantzia eman zenioten. Nola eginen duzue hori?

Nafarroa Bai gizarteratua dago jadanik. Nafarroako gizartean sortutako ilusioa errealitate nabaria da. Abertzaleek eta ezkertiarrek Nafarroa Bairi indarra eman diote. Batzarrak, batez ere, gizarteratua dagoen ilusioari jarraipena emateko balio izan du. Joan den martxoko hauteskundeetan izan genituen emaitzak oso onak izan ziren. Lortutako 61.000 botoak oso esanguratsuak izan ziren, eta, Nafarroa Bai osatzen dugun alderdiek jarraipena eman behar diogu gizarteak duen ilusioari.

Askok uste dute sigla batuketa baino ez dela Nafarroa Bai. Hori baino gehiago bada?

Kontuan hartu behar da Nafarroa Bai taldeak lau alderdi ezberdinek osatzen dugula. Bakoitzak gure proiektua dugu, gure ideologia eta gizartean leku bat. Baina Nafarroaren izaera, egoera eta errealitate politikoa dela eta, behar sakon bat dago eta horri erantzun behar zaio. Behar horri erantzuteko euskal herritarren eta abertzaleen artean elkartu behar dugu. Elkarlan horrekin indarra ematen digun koalizioa sortu behar dugu. Egitasmoa gizartean sakon errotu dugu eta berreskuratu egin dugu hainbat urtetan izan ez dugun ilusioa. Gainera, ilusio hori ez da amesgilea, benetakoa baizik. Nafarroa Baik oso indar handia eta garrantzitsua izaten ahal du Nafarroan. Orain dugun erronka politiko nagusia UPN Gobernutik kentzea bada, argi dago Nafarroa Baik Gobernu alternatiboan berebiziko garrantzia izanen duela. Ilusioa errealitatean eta aukeratan oinarrituta dago. Gizarteak oso begi onez eta arrazionaltasunez hartu du batuketa eta horrek beste atxikimendu batzuk dakartza.

Nafarroan alternatiba izateko IUN-NEB eta PSN ere aintzat hartu behar direla aipatu zenuen batzarrean. IUN-NEBk ez du zuekin bat egin nahi izan eta PSNn aldaketak egon daitezke aurki eginen duen biltzarraren ondoren.

Badaukagu erreferente bat, 1995ko PSN, EA eta CDNk osatutako gobernua. Orduan, Ezker Batuak kanpotik sostengatzen gintuen. Gobernu horrek funtzionatu zuen eta gauza asko lortu zituen urte bakarra iraun zuen arren; besteak beste, Batzorde Bateratu Iraunkorra eratu zuen eta Administrazioan euskara mailan aurrerapausoak eman genituen. Hor daukagu erreferente bat, baina ez dugu pentsatu behar, nahitaez, denok batera bloke handi bat egin behar dugunik. Ildo horri jarraituz, PSNk, Ezker Batuak eta Nafarroa Baik batera joan beharko lukete? Uste dut ezetz. Abertzaleok batera joateko gaitasuna eta aukera dugu, eta gizarteak horixe eskatzen digu. Oso garrantzitsua da batetik, abertzaletasuna sendotzea eta bateratzea, eta bestetik, Ezker Batuarekin zein PSNrekin elkarrizketa bideratzea. Argi izan behar dugu alternatiba PSNren eskuetatik pasatzen dela. Adi egon beharko dugu PSNk Espainiako Estatuan dauden bideak hartzen ote dituen jakiteko, Kataluniako sozilisten bidea, adibidez. PSNrekin elkarrizketa bideak irekiak izan behar ditu Nafarroa Baik. Horretan EAk asko du emateko eskarmentua dugulako horretan. Gainera, PSNren biltzarreko eztabaida nagusia hori dela iruditzen zait. Aukera egin behar dute: UPNren Gobernu alternatiba bat eratzearen alde dauden, edo UPNren itzalean egon nahi duten.

PSNn zuzendaritzan aldaketa badago, eragina izanen du zuekiko harremanetan?

Bai. Erabat adi egon beharko dugu biltzarrean zer gertatzen den ikusteko. Eztabaidaren muina hauxe da: PSNk UPNren alternatiba izan nahi duen edo Gobernuan egon behar duen talde politiko inpertsonala den. Errespetu osoz diot, baina muinean dagoena hori dela uste dut. Horregatik, adi egon beharko dugu Nafarroan aldaketak egiteko oso ekitaldi garrantzitsua delako. UPN Gobernutik kentzeko, beharrezko helburua da PSN.

2007ko Foru eta Udal hauteskundeak dituzue helburu. Apustu estrategikoa da edo egoeraren araberakoa?

Egoera jakinak noiz arte luzatuko diren esatea zaila da. Nafarroan ez dugu Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera bera. Gogoeta hori eginez gero, beste estrategia bat erabili beharko dugu. Nafarroako gizartea eta egoera aztertuta, eta, abertzaleen helburuak argi izanda, analisi guztiak bide bera dute: abertzaleon arteko elkarlana. Behin Nafarroa abertzaletua dagoenean eta gizarteak erabakitzen duenean Nafarroaren izaera estatu espainiarrak zein frantziarrak errespetatu behar dutela, orduan izango da alderdi bakoitzak bere planteamendu sozialak egiteko ordua. Bitartean, Nafarroako gizartea banatua dagoela pentsatu behar dugu. Euskararen legea hor dago eta horren kontra estrategia komuna behar da. Aurrerantzean, ikusiko dugu. Politikan zerbait ikasten bada, gauzak ez direla betirako eta aldaketak egun batetik bestera datozela ikasten da. Baina EAn argi daukagu eta apustua egin dugu: hurrengo urteetako estrategia Nafarroa Bai izango da.

Kasu honetan Nafarroak alderdiak baino lehentasun handiagoa du?

Beti. Nafarroak dauka lehentasuna. EAn uste dugu alderdiaren eginkizun nagusia dela gizarteari laguntzeko lan egitea. Eta gizarteari laguntzeak eskatzen badu EAk alderdi bezala protagonismo gutxiago izatea, horrela izan behar du. Hori argi daukagu.

Orain zuek zein beste alderdiek EAEko hauteskundeak dituzue hurbilen. Horrek lehentasuna izanen du alderdian eta presidentziarekin lan egin beharko duzue. Hori bateragarria da hemen dagoen lanarekin?

Bai eta oso modu errazean. Euskal Herria ez da gauza homogeneoa. Zenbait errealitate daudenez, estrategia ezberdinak behar dira. Hala ere, EAn argi dugu zein den gure helburua, Euskal Herri independiente bat sei probintziaduna, eta horietako bat Nafarroa . Hor dugu beti gure helburua jarrita. Oso argi. Gure helburua autodeterminazioa lortzea eta Euskal Herria independentea osatzea bada, argi izan behar dugu Nafarroan koalizio indartsua behar dela. Alta, EAEren egoera ikusita, beste proposamen batzuk interesgarriagoak dira independentziarako bidean.

Eta legez kanpo gelditu direnak erakartzea ere aipatu zen Nafarroa Bairen larunbateko batzarrean. Zer deritzozu?

Ilegalizazio horrek adierazten du behar den demokrazia maila lortzeko lan handia egin behar dela oraindik herri honetan. Ilegalizazioa salatu dugu toki guztietan, Alderdien Legea demokraziaren kontrakoa dela esan dugu. Ilegalizazio egoera gainditzeko gogoetak egin behar ditugu, eta alderdi guztiok egin behar ditugu, gainera.

Hauteskundeak eta gero, izan duzue harremanik?

EAkook alderdi guztiekin hitz egiten dugu eta etengabe mintzatzen gara. Gizartea hobetu nahi dugunok guztion ikuspuntuak ezagutu behar ditugu. Oso garrantzitsua da guztiekin harremana izatea. Izan ditugu eta izango ditugu, beste guztiekin izan ditugun bezala.

Eta Nafarroa Bai alderdi bezala mintzatu zarete beraiekin?

Ez dugu horrelako bilerarik egin.

Nafarroa Baiko alderdiek Parlamentuan elkarrekin lan egiteko proposamena egin zenuten. Egingo al duzue?

Koalizioa iragan abenduan sortu zen, eta martxoan aurkeztu ginen hauteskundeetan.Hori guztia antolatzea, koalizioari egitura eta estatutuak ematea, eta, egoitza berria irekitzea lortu ditugu. Oso goiz da Nafarroa Bairi gehiago eskatzeko. Bidea aurrera doa eta pausoak aurrera egiteko bideratuak ditugu. Parlamentuan gauden abertzaleak bateratzea ere bide horren harian doala, zergatik ez?.

EAEko hauteskundeetan lehendakarigai zein izanen den pentsatu duzue?

Ikustear dago oraindik. Ez daukat inolako dudarik lehendakari gaia izango dena EAk jartzen ahal duen onena izango denik.

EA-EAJ akordioa berretsiko duzue hurrengo hauteskundeetan?

Ez dut uste. EAJk ez du argi Euskal Herriaren eskubideak bermatzeko beharrezkoa den estrategia. Hori oraindik ikustear dago. Horrelako hitzarmena berresteko argi utzi behar dira herri honekiko konpromisoak zeintzuk diren. Goiz da esateko, baina nik ez dut susmo onik. EAJk konpromiso hori duen zalantza dauka.

IRENE ARRIZURIETA – berria.info
Jatorria: Maiorga Ramirez