EAEko Hezkuntza sailburuak egindako planteamenduak ontzat jotzen dituzte eragileek Otsaileko azterketa zailari gogor heldu behar
izan dio Jaurlaritzako Hezkuntza eta Unibertsitate sailburu Anjeles Iztuetak.
Karguan hilabete batzuk daramatzala, sektore batzuek EAko sailburua jopuntuan
jarri dute, El Correo eta El Pais egunkariak lagun, batez ere, honako hiru atrebentziok
asaldaturik: hizkuntz eskakizunik gabeko bitarteko irakasleek Lan Eskaintza
Publikora aurkezterik ez dutela izango esateak, euskaldundu gabeko finkoek Administrazioko
beste lanpostu batera igaro beharko dutela iragartzeak, eta Espainiako Gobernuaren
hezkuntza planak «terrorismo instituzionaltzat» jotzeak.
«Terrorismorik? Sailburuak ondo esan zuen
hori», erantzun du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle Andolin
Eguzkitzak. «Begira: askotan ez dakigu zer taktika erabili PPren itzelezko
erasoei erantzutean, eta egia da ondo neurtuta jokatu behar dela, baina sarritan…».
Ikastolen Elkarteko zuzendari Iñaki Etxezarretak dioenez, «erantzunak
ezin du epela izan Madrildik datozen haizeei aurre egingo bazaie». Bide
beretik, Denon Eskolako (Arabako Sare Publikoko Gurasoen Elkarteko) buru Juan
Carlos Alonsok, Enrique Villarren esanak gogoan, ez du orekarik ikusi «Iztuetaren
aurkako kanpaina latzaren eta ordezkariaren hitzen aurreko lasaitasunaren artean».

«Ausardia» kontua

Euskal Herrirako Unibertsitate barruti bakarraren
aldeko aldarria duen Uniekimena taldeko kide Iñigo Santxo Iztuetaren
esanekin bat dator. «Sailburua, batez ere, adierazpenengatik epaitu dute,
ekintzak gutxitxo egin dituelako oraingoz, baina badakigu herri honetan planteamendu
ausartak egiten dituenak egurra jaso izan duela».

Kontseilariaren «ausardia» onartu dute Egunkariak elkarrizketatutako
gehienek. EHUko irakasle Arantza Urkaregiren iritziz, Iztuetak bipiltasunez
jokatu du hizkuntz eskakizunik gabeko irakasleen auzian edo Unibertsitate lege
propioa egin nahia iragartzean, eta, hala, «lotsagarritzat» jo du
kontseilariari erasotzea, «hezkuntzaren erronka batzuei aurre egin dien
bakarra baita».

Askok, ordea, areago diote: hitzetan ados egonda, ekintzetara igarotzeko premia
dago. Santxoren hitzetan, «Iztuetak esandakoak gauzatuz gero, nire babes
osoa izango du». «Sailburuak bete beharra du lege propioaz agindutakoa»,
dio Eguzkitzak. Urkaregik Unibertsitatean «gauzak mugitzen hasteko presa»
dagoela gehitu du.
Dena den, euskaldundu gabeko irakasleen lobby-a
ukitu izana Iztueta auzitan jartzeko zio nagusietakoa da hainbaten aburuz. Horixe
da Euskadiko Eskola Kontseiluko buru Lontxo Oihartzabalen ustea. Sailburuak
irakaskuntza sistema bere osotasunean hartu duela dio, eta, «mingarria»
izanik ere, irakasle erdaldunen egoerak hizkuntz beharrarekin topo egin duela:
«Urteetan eskuzabaltasun osoz jokatu da irakasleokin, eta, nolanahi ere,
ezin da sistemak ikaslea elebidun izatera behartu, eta irakaslea, berriz, ez».

«Irakasleak ezin dezake hezkuntza sistema baldintzatu», esan du
Arabako gurasoen elkarteetako lehendakariak. Alonsok uste du irakasleak «eguneratu»
beharra daukala, «hala euskaran nola teknologia berrietan», eta,
gero, lasaitasunean lan egin ahal izatea.

Etxezarretak ere ohartarazi du «gizartearen beharren aurretik interes
propioak jartzen dituzten giza taldei mozorroa kentzeko garaia» dela.

Babes politiko eta sozialak
Hezkuntza Saileko informazio iturriek adierazi
dute kritiken azken helburua Jaurlaritza «ezegonkortzea» dela: «Izugarrizko
eraso hau ez da Iztuetaren kontrakoa. Gobernuaren aurka doa».

Zernahi gisara, kritika ekaitzaren erdian, Jaurlaritzako gobernukideek sailburua
auzitan jarri zutelakoa gailendu zen. El Pais-ek azaldu zuenez, hilaren 5eko
gobernu bileran Ibarretxek eta EAko sailburuek berek auzitan jarri zuten Iztuetaren
adierazpenen tonua. EBBko eledun Joseba Egibarrek, adierazpenen tonuarena gezurtatu
gabe, sailburuaren gestioak inongo egonezik ez duela sortu esan zuen ostegunean,
eta gero Juan Jose Ibarretxek argitu zuen Iztuetak Jaurlaritzaren «babes
osoa» duela. «Argi da sailburuak Jaurlaritzako alderdien babes politikoa
behar duela», azaldu du Etxezarretak, «baina beharbada are garrantzitsuagoa
du alorreko eragile sozialena, eta ikastolek behintzat emango diogu».

Etxezarretaren ustez denbora eskaini behar zaio Iztuetari, baina, haren kudeaketa
«egoki» jo du.
SINDIKATUAK

Negoziazioa, bide egiten

Hezkuntza Sailak sindikatuen oposizio jarrera sendoa izan ohi du unibertsitatez
kanpoko irakaskuntza publikoko Lan Ituna zela eta. Iragan asteazkeneko bilera
arte. Orduan hasi zen auzia desblokeatzen, eta, oraindik negoziatzeko asko bada
ere, EILAS, LAB, ELA eta UGTk aitortu zuten Administrazioaren eskaintzak lortu
zuela prozesua «geldiunetik» ateratzea. EILASeko Rikardo Arregiren
iritziz, «langileen egonkortasunaren eskaintza historikoa da». ELAko
Jose Angel Urbieta kritikoa da Lakuaren kudeaketarekin, baina azkenaldion «keinu
eta mugimendu batzuk» egin izana eskertu du. LABeko Lourdes Uribarriren
hitzetan, eskaintza Hezkuntza Sailak «legealdi hasieratik hona izandako
jarrera aldaketaren isla da», egun hasieran baino «irekiago»
baitago. Arregik nabarmendu du Iztuetak joera «aldatzeko gaitasuna»
erakutsi duela, nahiz eta Urbietak esan, kontseilariak «eragileekin hartu-emanak
izateko borondatea» duela onartuta, «elkarrizketek mamirik eduki
ezean» ezer gutxirako balio dutela.
«Oro har, Iztuetaren aroak diskurtso aldaketa
nabaria ekarri du aurreko legealdietatik, eta onerako, aspaldiko hutsune batzuei
aurre egitea proposatu baitu», azaldu du LABekoak. Sindikatuen aburuz,
agerian geratu da sailburua hezkuntza gaietan zuen eskarmenturik ezak buruhausteak
ekarri dizikiola, baina EILASeko arduradunak dioen bezala, «bistan da
asmo onak aferak konpondu nahia daukala». Ekintzen zain dira sindikatuak,
baina akaso konfiantza kentzeko goizegi dela diote.
Bestetik, 0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza
aldarrikatzen duen taldeko Izaskun Madariagaren ustez, egungo legealdiak «aurrerapauso
garrantzitsuak» ekarri ditu aurrekoen aldean aipatutako aferaren gainean,
«oraindik argitu beharreko puntu ilun asko badira ere».

Luis Karlos Garcia/GASTEIZ egunkaria.com

Jatorria: Eusko Alkartasuna