Martin Aranburu, parlamentaria Demokraziak markatzen dituen gehiengoaren eta
gutxiengoaren joko arauak zehatzak eta argiak izanik ere, zenbait arlo joko
horretatik kanpo egon behar lukete. Ezin da ukatu zilegi dela herritarren sostengua
jasotzen duen alderdi politiko batek bere helburu politiko eta sozialak inplementatu
nahi izatea, azken finean alderdi politiko ororen helburua baita boterea izatea,
eta botere horren bidez gizartearen arazoak konpontzeko bakoitzak dituen proposamenen
aplikazioa egikaritzea. Halere, onartu egin behar da baita ere, gehiengo absolutoa
joko demokratikoaren usteltzea ere izan daitekeela. Esate baterako, gehiengo
absolutuaren erabilpenarekin, alderdi politiko batek gizartearen diseinurako
ezinbestekoak diren elementuen eraldaketari ekiten dioenean eta, gainera, eraldaketa
hori oposizioko alderdi politikoen, inplikatutako kolektiboen, sindikatuen eta
adituen kontrako iritzia duenean.
Horietako arlo bat izan beharko luke hezkuntza.
PP alderdiak hezkuntzaren kontzeptzio klasista, elitista eta neoliberala du,
hezkuntza entrenamendu teknikotzat jotzen baitu. Lehendabiziko urratsa unibertsitatean
eman zuten LOUaren bidez, eta hurrengo hilabeteetan derrigorrezko hezkuntza
hartu dute helburu bezala Kalitate Legea erabilita. Ezin ukatu gehiengo absolutoa
dutenik, baina hezkuntza ez da legeagintaldi bakoitzean aldaketa sakonak izan
ditzakeen gizarte arloa, hori dela eta, nire iritziz hezkuntza arloaren berdiseinua
gehiengo eta gutxiengo jokoetatik at izan behar da, konsensu, negoziaketa eta
akordioari lekua utziz.
Kalitatezko hezkutzan sinisten dut. Zeren sinonimo
da ordea hori? Hezkuntza ez datza entrenamendu teknikoan edo ezagutza tekniko
baten asimilazio kuantitatiboan, baizik eta pertsonaren formazio konstante batean,
non pentsatze ahalmenerako, kritikarako eta ezagutzen asimilaziorako bideen
azalpena ematen den irakasleen partetik eta ulertzea eta asuntzioa ikasleen
partetik. Interakzio prozesu konstantea izan behar da non ebaluazio kuantitatiboak
garrantzia galdu behar duen. Ez da ezagutza kognotiboen asimilazio hutsa soilik.
Jarrerak eta prozedimenduak ere ikasi egiten dira eta ikasleen ebaluazioa ez
litzateke beraz faktore kognotiboetan bakarrik oinarritu behar. Edukien asimilazioa
garrantzitsuari uko egin gabe hezkuntza eredu zaharkituei agur esateko garaia
da, pertsonak formatzea helburu izango duen hezkuntza baten aldeko apostua eginez.
Demokrazian gehiengo absolutoaren errekurtsoa
darabilkigun bakoitzean despotismo ilustratu itxura hartzen du sistemak. PP
«herria gabe herriaren alde» dioen esaera egi bihurtzen ari baita,
bera bailitza egiaren eta soluzioen jakitun bakarra.

Jatorria: Eusko Alkartasuna