Lehendakariak eta Azkarraga sailburua izan dira Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak aurten ezarritako sariaren banaketaren ekitaldiaren buru

Aurten Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako Giza Eskubideen René Cassin saria ´Hetaira´ elkarteak jaso du gaur, Lehendakaritzaren egoitzan. Aipatutako elkarteak prostituten eskubideen defentsan egiten du lan.

Ekitaldian, Lehendakaria eta Joseba Azkarraga sailburua buru zirela, euskal kultura eta gizarte-arloko zenbait pertsona ospetsuk parte hartu dute, besteak beste: Jordi Lidón ETAk eraildako magistratuaren semeak; Bartolomé Jiménez ijitoen komunitatearen ordezkariak; Josu Ibarraran, Olabide ikastolako ikasleak; eta Edurne Pasaban kirolariak, zeinek giza eskubideekin lotutako zenbait testu irakurri baitute.

Azkarraga sailburuak nabarmendu duenez, René Cassin saria ´55 urtemuga bete berri duen Deklarazio Unibertsalean jasotako balioak sustatzeko eta laguntzeko aurrerapausoa izan dadin ezarri dugu´. ´Beti pentsatu dugu ahal den arlo guztietan eragin behar dela gure herria, herritar guztiak, giza eskubideak errespetatu barik, euren defentsan militantzia aktiboa egin barik, ez dagoela demokraziarik sinetsita egon daitezen. Izan ere, eskubide horiek zehatz-mehatz errespetatzean oinarritzen diren proiektuek -banakokoak zein taldekoak izanik- baino ez dute etorkizunik izango´, adierazi du.

Saiaren lehen edizio honetan epaimahaiak ´Hetaira´ aukeratu du, Madrilen finkatutako eta nagusiki emakumeek osatutako taldea, aspaldi prostituten eskubideen alde eta horiek gizartetik baztertzearen kontra lan egiten duena.

Azkarragak goraipatu egin du aukeraketa; sailburuaren ustetan, ´sexuaren langileak ikusiezin bilakatzen dituen duen hipokresia apurtzen du; izan ere, gizarteak nahiz eta jakin, dakien lez, sexuaren langileen errealitatea hor dagoela, kasurik onenean ez du kontuan hartzen eta maiz mespretxatu egiten du ´. Baina, gainera, ´prostituzioan diharduten pertsonen eskubideak defendatzen, alegia, talde hori osatzen duten pertsonen gizarte, lan eta giza eskubideak lortzearen alde, lan egiten duen talde baten onarpena delako´.

Sailburuak onartu du, dena den, aginte publikoak ez direla behar bezala sartu gai honetan, eta hemendik aurrera arazoari ekingo diotela hitz eman du, ´prostituzioaren estigma sozialaren eta krimen bihurtzearen kontra lan egin dutenen ahalegina onartzen hasita´.

Azkarragak defendatu du, azkenik, bateragarri izan behar dela urrutiko injustizien aurka hunkitu, matxinatu eta mugitzea eta gure kale, auzo, herri edo hirietan gertatzen direnen kontra ere bai, oso kontuan hartuta gure alboan Giza Eskubideak onartutako eskubideren baten murriztapena nozitzen duten herritarrak badaudela´.

Jatorria: Joseba Azkarraga