Gizarte justizian oinarritutako Herrien Europa lortzeko lanean jarraitzeko nazioarteko hiru ekitaldi garrantzitsuetan parte hartuko du Eusko Alkartasunak aste honetan, Europako Aliantza Librearen bere kideekin batera.

Lorena Lopez de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko idazkariak ALPE, EALren kide den Aostako alderdi aurrerakoiaren Kongresuan parte hartuko du gaur eta bihar. “Herri guztien Europa. Posible al da?” titulua duen hitzaldia egingo du Lopez de Lacallek, Kongresuaren aurreko ekitaldietan. Hitzaldia gaur da eta Kongresua, bihar. Europa osatzen duten herrien oinarria duen Batasuna lortzeko estrategiari buruzko hausnarketa egingo du EALeko lehendakari ordeak, egun dugun Estatuen Europa baino bidezkoagoa eta errealitatetik gertuagokoa izango dela zehaztuta.

Gero, datorren asteartea eta osteguna bitartean, EALeko Legebiltzar Taldeak Gironan egingo duen topaketan parte hartuko du Lopez de Lacallek. Mahai gainean izango duten gairik garrantzitsuena 2019ko hauteskundeen prestaketa izango da, eta horretarako hauteskunde programa prestatzen jarraituko dute.

Azkenik, hurrengo larunbatean, ekainaren 30ean, Eusko Alkartasunako Nazioarteko idazkariak Jose Bové, Andrej Hunko eta Ana Miranda europarlamentariekin batera egingo den mahainguru batean parte hartuko du. EA bezala EALko kiden den Esquerra Republicana de Catalunyako Konferentziaren testuinguruan egingo da mahaingurua.