Juan Carlos Goienetxea inputatua zegoen kasua artxibatzea erabaki du Gernikako Auzitegiak. Eusko Alkartasunako kidea da Goienetxea, gure alderdia ordezkatuz Bermeoko alkatea izan zen eta gerora EH Bilduren udal taldekide izan zen.
Epaitegiaren erabakiak Goienetxearen ibilbide politikoa zikindu nahi izan duen kasua argitu du. Eusko Alkartasuna eta EH Bildu ustelkeriaz aritzen diren alderdi politikoen zakuan sartu nahi izan dituzte kasu honen bidez, horrela ustelkeria boterearekin berez lotuta dagoela dioen teoriaren bidez norbere etxeko bekatuak zuritu nahi izan dituzte.
Justizia bera ere leku txarrean utzi du Juan Carlos Goienetxea egozteak, Gobernu ardurak izan ez zituen epean hartutako erabakiengatik prebarikazioa eta influentzia-trafikoa leporatzea absurdoa izan delako. Oposizioan egoteaz gain, Eusko Alkartasuna Udal Taldeak, Juan Carlos Goienetxea barne, zalantzan jarri diren neurrien kontrako botoa eman zuen.
Juan Carlos Goienetxearen figura ezbaiean jarri nahi zutenek, hau da, EAJko ordezkariek, alkate ohiaren zintzotasunaren berri bazuten eta inputatua izanda, dimitituko zuela bazekiten. Halaxe egin ere, bere proiektu politikoa ez kaltetzeko. Maniobra honekin, Bermeoren alde lan egiten zuen pertsona bat joko politikotik kanpo utzi zuten. Inputatuak izan diren EAJren kargu publikoetatik batek ere ez du Juan Carlosen eredua jarraitu.
Azkenean, Justiziak Juan Carlos Goienetxeari arrazoia eman dio, eta, bide batez, Eusko Alkartasunaren ibilbideak garbi jarraitzen duela ziurtatu du. Epaitegiaren erabakiaren arabera gainera esan dezakegu ustelkeria ez dela berezkoa kudeaketa publikoan, alderdi guztietan ez daude garbantzu beltzak: Eusko Alkartasunak ez ditu inoiz onartu.
Kasu honen amaierak argi utzi digu ere politikan ez duela guztiak balio, ibilbide eredugarria izan duen alkate ohi bat horrelako egoera batean sartzeak ez du ezker soberanistak erakundeetan izan duen bilakaera frenatzeko balio izan, ezta Bermeoko Udaletik kentzeko ere.