Urtarrilaren 20an ospatutako ohizko bileran Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak EAJ-PNV-k gure nazio negoziazio batzordeari 2003.01.13an emandako proposamena aztertu zuen. Aldi berean Eusko Alkartasunak aurkeztutako bi proposamenak berretsi zituen, bata 13an bertan ospatutako bileran aurkeztuta eta bestea urtarrilak 18an, larunbata, ospatutako bileran aurkeztuta.

Bi bilera hauetan esan genuen bezala, uste dugu EAJ-k aurkeztutako proposamen aldaezina ez datorrela bat bi alderdiok dugun ordezkaritzarekin eta, berez, ez du erantzuten era eraginkor baten Herriaren interesaren alde indarrak batzeko beharraren aurrean. Arrazoi honengatik azkenengo hamar egunotan bai EAJ-ren negoziazio batzordeari eta baita negoziazio batzorde horretan bozeramailea den Ariztondo andereari ere, zuzendutako hainbat saiakera egin ditugu eskaintza idatzi eta ahozkoen bitartez, azkena bart bertan.

Bestalde, Lurraldeetako presidenteen eta Eusko Alkartasunako Batzorde Eragilearen izenean beste behin errepikatu behar dugu ez dela egia Eusko Alkartasunaren Lurraldeko Batzorde Eragile eta EAJ-ko Lurraldeko Batzorde Eragileen artean akordioak egon direla eta, gure ezinegona adierazteaz aparte, zentzu honetan EAJ-k komunikabideen bitartez behin eta berriro errepikatzen ari den mezua ezeztatu nahi dugu bete-betean.

Herriaren interesen arabera pentsatuz, EAJ-k atzoko datarekin gaur bidalitako faxan agertzen den jarrera hori non, aldebakarrez, negoziazio-prozesua bukatutzat ematen duen, ulertzea zaila egiten zaigu. EAJ-ren nahia hau bada ados gaude, zeren eta ezinezkoa baita negoziazio bat burutu bi aldetako batek nahi ez baldin badu, baina argi eta garbi geratu dadila Eusko Alkartasunaren jarrera, Herriaren interesaren alde, bi alderdien arteko akordio justo eta orekatu bat lortzea izan dela.

Momentu honetan EAJ-k Eusko Alkartasunarekin akordioak lortzeko interesik ez daukala ulertzen dugu eta sentitzen dugu, zeren eta hasieratik gure Herriaren interesentzat era eraginkor baten baliagarria izango zen koalizio baten negoziazioaren alde apostu egin genuen. EAJ-k jakin dezala Eusko Alkartasunak, 1986tik frogatu duen bezala, eraikuntza nazionalaren prozesuan aurrera egiteko eta giza-eskubidekin konprometiturik dauden indar soberanisten lidergoa Euskal Herriko erakunde guztietan bultzatzeko beti prest egon eta egongo dela

Eusko Alkartasunaren Euskadiko Batzorde Eragilea

Jatorria: Eusko Alkartasuna