Izaki ñimiño batek planeta osoa eraldatu du, sekulako gaitzak eraginez gizakiok neurri handiegietara moldatuta genuen gizartean.
Covid-19ak eman digun zartakoa izugarria izan da, zentzu guztietan: bizitza eta heriotza ulertzeko dugun eran, gizarte harremanak garatu izan ditugun moduan, eta baita lanak duen garrantzian ere. Izan ere, orain arte jende gehiena lan egiteko bizi zen. Lan baldintzak eta eskubideak bigarren mailako ziren, betiere ekonomiaren hoberako. Eta normaltasun horrek, 2020ko lehen 4 hileetan soilik, 29 langile hil ditu, eta bi, otsailaren 4tik zaborpean desagerturik.
Baina birus honek ekarri duen geldialdi globalak ere beste zerbait ekarri digu: Euskal Herri berria eraikitzeko aukera. Zaintza erdigunera ekarriko duen gizartea, lana guztion bizi baldintzak hobetzeko bideratuko duena justizia sozialean oinarritutakoa, behar duenak hartuz, eta gehien duenak emanez.
Aberri berria dago gure zain. Eraiki dezagun guztion artean, guztion lanaz, guztion bizitza erdigunean jarriz. Aberri berri hori askatasunean, berdintasunean eta justizia sozialean eraikiko duten langileei merezi zaien aitortza eta duintasuna emanez, eta eraikia izango den ingurumena errespetatuz; giza neurrira.
maiatzak 1 epalza