Eusko Jaurlaritzaren Adierazpena

Duela 55 urte, gaur bezalako batean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aldarrikatu zuten Nazio Batuek handikiro. Gizateriak adostutako lehen kode etiko horrek beste akordio, nazioarteko hitzarmen eta itunetarako bidea ireki zuen, eta horiei esker onartu dira banako zein taldeko giza eskubideak, giza duintasunaren errespetuan oinarritutako gizakien arteko bizikidetza ezartzeko ezinbestekoak direnak.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala pertsona zintzo batzuek gogo biziz bilatu eta landutako erantzuna izan zen, II. Mundu Gerra bezalako zorigaitz unibertsal eta kolektiborik berriz gertatzeko aukera guztiak uxatzeko xedearekin. Deklarazio hori errebindikatzea guztiz indarrean dagoen betebeharra da, bakea, askatasuna, zuzentasuna, elkartasuna eta demokrazia -giza legea, finean- ardatz dituen gizartea bilatzen duten herritar guztientzat.

Izan ere, zoritxarrez, zientzia eta teknologiaren aurrerapen izugarriek eta jakintzaren garapenak ez dute balio izan Gizateria mundu zuzen, baketsu eta askeago baterantz bideratzeko. Horren ondorioz, botere publikoen betebeharra da Giza Eskubideen edozein urraketa edo gutxiespena salatu, jazarri eta erauzten saiatzea, eta herritarrei gogoraraztea gizon eta emakumeen duintasuna errespetatu dadin eta kontzientziak lokartu ez daitezen ahalegintzeko behar hori gaur-gaurkoa ere badela, eskakizun etiko hori betetzen dela bermatzeko.

Banakako zein taldekako Giza Eskubideak -herri guztiek euren etorkizuna askatasunean erabakitzeko duten eskubidea, kasu- babesteko konpromiso hori euskal herritar guztioi dagokigu. Munduan egiten diren milaka gizatxarkerien aurkako konpromiso aktiboaren sua iraunarazteaz gainera, geure ingurunean, geure kaleetan, geure auzoan, herrian eta herrialdean ere esku hartu behar dugu, Deklarazio Unibertsalean aldarrikatutako printzipioak gailendu daitezen.

Euskal gizartea indarkeriazko egoera onartezina jasaten ari da, heriotza, samina eta sufrimendua sortzen duena. Bizitzeko eskubidea guztientzat eskubide oinarrizkoena dela errebindikatzea betebehar morala ez ezik, gizarte honetako erabateko gehiengoaren aldarria ere bada. Hala ere, zoritxarrez, ETAk entzungor egiten jarraitzen du, euskal herritarren ahotsa eta borondatea mespretxatuz.

Gaur bezalako egun esanguratsu batean gainerako erakunde demokratikoen buruzagitza hartuz, milaka herrikide nozitzen ari diren askatasun eta biziaren aurkako mehatxuak salatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, argi eta garbi salatu ere. Jazarpeneko bortizkeriaren ondorioz gertatzen ari den eskubide-urraketa gaitzesten dugu, eta gure iritziz, gizarte osoak askatasun osoa errebindikatu behar du, herrikide guzti-guztiek askatasun guztiz haien ideiak defendatu ahal ditzaten, inolako indarkeriarik nozitu gabe. Mehatxupean bizi direnei babesa ematea da 1948an onartutako deklarazioaren espiritua betetzeko modurik zuzenena.

Era berean, gaur ezinbestekoa da azpimarratzea giza eskubideak zatiezinak eta unibertsalak direla, eta herritar guztiak direla ¾askatasuna galdu dutenak barne¾ eskubide horien subjektu. Mendeku-sentimenduek eta talionen espirituak ezin dute gidatu gizartearen jokabidea, balioak eta ahantzezinezko printzipioak urratzearen aurrean erabateko axolagabekeria sustatzeraino. Urraketa horien artean dago tortura, munduko herrialde askotan oraindik bizirik dagoena. Era berean, ezin zaio preso bati, ezta bere familiari ere, zigor politiko erantsi bat ezarri eta bere ingurunetik urruti dagoen espetxe batean zigorra betearazi. Gaur ere, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi nahi du gaizkilerik krudelenak ere merezi duela bere biktimei ukatu dien duintasunaren errespetua.

Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da, baita ere, emakumeen aurka sexu-arrazoiengatik egiten den biolentzia salatzea. Denbora luzeegian gizartea eta botere publikoak arduratu ez dituen drama hori gordintasun osoz azaleratu da, eta horrek tratu txar mota guztien aurkako erantzun eraginkorrak ematera bultzatzen gaitu.

Horretaz gain, gaur, abenduak 10, sentsibilitate berezia eskatzen dugu beste herrialde eta kulturetatik etorrita, jaio direnez besteko komunitateetan bizitzea erabakitzen dutenekiko diskriminazio guztien aurka. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak babesten ditu, eta Gobernu honek bere konpromiso irmoa berresten du haien eskubide guztiak babestu eta sustatzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak bere gaitzespen osoa adierazi nahi du egitasmo edo pentsamendu jakin bat besteei inposatzeko zenbait jokabideren aurrean, hala nola, indarra erabiltzea, botere politikoa manipulatzea edo beste botereak -besteak beste, judiziala- botere politikoaren mende jartzea. Giza eskubideen urraketaren aurka borrokatzeko ezin dira herritarren askatasunak murriztu, edo beste eskubide oinarrizko batzuk urratu, besteak beste, iritzi askerako eskubidea, prentsa askatasunerako eskubidea, aniztasun politikorako eskubidea edo errugabetasun-presuntziorako eskubidea.

Haien tamaina, berezitasuna edo kokapen geografikoa edozein dela ere, gatazka guztiak konpontzeko, erreferentzia Elkarrizketa da; gidatu behar gaituen jarraibidea, zuzenbidea; Printzipio Demokratikoek osatzen dute ardatza; eta guztien Giza Eskubideen errespetuan dago benetako giltzarria.

Horrela bakarrik lortu ahal izango da, gaur-gaurkoz mundua giza eskubideen urraketa nozitzen ari dela gogorarazteko erabiltzen dugun egun hau gizakiaren bizi eta duintasunaren aurkako mehatxu guztiak desagertu izana ospakizun bihurtzea.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 10a

Jatorria: Joseba Azkarraga